Denetariko musika eta gazte artista ugari, Gaztetxeko Bertsio Gauean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko mar. 12a, 12:31

Jendetza hurbildu zen joan den zapatuan, martxoaren 10ean, Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Bertsio Gaura. Ez zen musikarik eta festa girorik falta izan. 

Herriko zein inguruko herrietako gazte artistek sortutako zazpi talde igo ziren Gaztetxeko oholtza handira, musika talde ezberdinen kantuak eskaintzera. Hitzordua 22:30ean zegoen jarrita, eta ordurako dozenaka lagun zegoen ikuskizuna noiz hasiko zain. Emanaldia 23:00ak jotzerako hasi zen. Berpiztutako Leon Trotsky aritu zen aurkezle lanetan, buruan pioleta bat zuela.

Silvio Rodriguez abeslariaren kantuek ireki zuten 2018ko Bertsio Gaua. Azpeitiar bakarlariaren emanaldiaren ostean, Zumaiatik hurbildutako gazteek hartu zuten oholtza. Haiek Hatebreed taldearen doinuak eraman zituzten Gaztetxera. Hardcorearen ostean iritsi ziren Berri Txarrak, The Friday's Crew, Rotten XIII eta Eskorbuto taldeen nahiz Elvisen kantuak. Emakumez osatutako talde bat ere animatu zen Bertsio Gaura, eta Belladonna bandaren doinuz girotu zuten Gaztetxea. Oholtzara igo zen azken taldeak, euskal kantuen nahasketa batekin ekin zion emanaldiari. Violeta Parra artista txiletarraren bertsioak eskaini zituzten ondoren. Kubatar doinuetara egokitutako Gaztetxearen abestiaren bertsioarekin itxi zuten 2018ko Bertsio Gaua. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide