Gaztetxeen ibilbidea ekarriko dute gogora, Erdikaleko gaztetxearen itxieraren 25. urtemugan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko ira. 18a, 20:57

Gaztetxie urte hauetan zehar mahai ingurua, argazki erraldoia, irudi zaharrekin osatutako bideo emanaldia eta hiru kontzertu berezi antolatu ditu gazte asanbladak. Gaztetxeari estu lotutako hiru talde igoko dira oholtzara: Standa, L.S Senghor eta Jotakie.

Urriaren 13an 25 urte beteko dira Erdikaleko Gaztetxea itxi zutela. Urtemuga horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Gaztetxeak urteurrenaren egunerako, Ez zementu, ez pareta...guretzat mugarik ezta! lelopean. Azpeitiko gaztetxe mugimenduan ibilitako lagunak elkartu, eta garai hartako borrokak ezagutzeko eta gaur egungoak elkarbanatzeko eguna izango da urriaren 13a. 

16:30ean hasita, Gaztetxie urte hauetan zehar mahai ingurua izango da Gaztetxean. Bertan hizpide izango dira aurreneko Gaztetxea okupatu zutenetik gaur arteko borrokak eta bizitako esperientziak. Ondoren, belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartuta, denak batera argazki erraldoia ateratzea da asmoa. Behin hori eginda, sabelak betetzeko eta gaua behar bezala hasteko luntxa izango da 21:00etan hasita. Une hori aprobetxatuta, irudi zaharrekin osatutako bideo proiekzioa botako dute gazte asanbladako zenbait kidek. Kontzertuekin egingo du eztanda gauak. Gaztetxe mugimenduari estu lotutako hiru musika talde igoko dira oholtza handira, 22:30etik aurrera. 

Ez dira edonolako kontzertuak izango urriaren 13rako prestatutakoak, eta ez da zaila hori ulertzea, musika taldeen izenak ezagutuz gero. 1994. urtetik musikarik jo gabe dagoen Standa hardcore taldea, 90. hamarkadako L.S Senghor eta Jotakie izango dira Gaztetxean, urtemugaren bueltako egitaraua behar bezala ixteko. 

1993an indarrean zegoen EAJren Udal gobernuak aginduta itxi zuten Erdikaleko Gaztetxea, aurretik abisurik eman gabe. Gazte lokala desalojatu ostean, leiho eta ateak tapiatu zituzten udal langileek. Antzekoa gertatu zen Azkoitian ere. Gaztetxeak tapiatu zituzten arren, ez zituzten gazteen borrokarako grinak itzali, eta Azpeitiko zenbait gaztek Gaztetxearen aldeko borrokan jarraitu zuten tinko. Urteetako borrokaren ostean, 2005eko uztailaren 15ean ireki zituen ateak aurrenekoz gaur egungo Gaztetxiek

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide