Jendetza elkartu du Azpeitiko Gaztetxeko Bertsio Gauak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2019ko api. 15a, 15:07

Joan zen zapatuan, apirilak 13, Bertsio Gaua izan zen Azpeitiko Gaztetxean, eta jendetza elkartu zen bertan. Jende ugari animatu zen oholtzara igo ziren bederatzi taldeen emanaldiak ikustera, eta giro ederra sortu zen lau ordu inguru iraun zuen Bertsio Gauean.

Ismael Serranoren Papa cuentame otra vez doinuez egindako abesti batek ireki zuen emanaldi sorta. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako gertakariak gogoratzen dituen abestiaren bertsioaren ostean iritsi ziren beste emanaldiak.

Led Zeppelin, Apunta, Semeputiek, The Friday's Crew, Baboon Show, Berri Txarrak, Fiachras, Rotten XIII , Trivium, Iheskide, Nafarroa 1512 eta beste hainbat talderen bertsioak eskaini zituzten Bertsio Gauan parte hartzera animatu ziren musikari eta musikazaleek. Rap doinuak, bertsoak eta aldarri mezuak ere izan ziren protagonista zapatuko Bertsio Gauean.

Azpeitiko Gaztetxeko kideon partez, eskerrik asko zapatukoa posible egin zenuten guztioi. Mundiala izan zen. Segi zarata ateratzen eta ingurua astintzen. Hurrengo urtean itzuliko da Bertsio Gaua, baina bitartean izango da zer egin eta zertaz gozatu Gaztetxean. Laster jakinaraziko dugu aurtengo Gazte Asteko egitaraua.

Atea zaratie!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide