Okupazioaren kontrako ofentsibaren inguruko solasaldia eskainiko dute Errakiko kideek ostiralean Gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2021ko ots. 22a, 11:08

Okupazioaren kontrako lege proposamenak, komunikabideen kriminalizazioa eta desokupa enpresen jarduna izango dituzte hizpide, besteak beste. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, eta ezinbestekoa izango da segurtasun neurriak errespetatzea.

Hainbat eremutatik okupazioaren kontra abiatutako ofentsiba salatzeko eta gizarteratzeko kanpaina jarri zuen martxan duela hilabete batzuk Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak. Orain, kanpaina horren barruan, Errakiko kideak hitzaldi bira eskaintzen ari dira Euskal Herri guztian zehar. Urola bailaran ere egingo dute geldialdia, eta ostiralean, hilak 26, eskainiko dute solasaldia Azpeitiko Gaztetxean, 18:30ean hasita.

Solasaldian, okupazioaren kontrako kanpainaren gako nagusiak izango dituzte hizpide Errakiko kideek. Esaterako, Espainiako Kongresuan okupazioaren kontra aurkeztu dituzten lege proposamenen inguruan arituko dira, baita proposamen horiek izan ditzaketeen ondorioez ere. Horrez gain, desokupazio enpresen jarduna izango dute aztergai. Desokupazio enpresak enpresa parapolizialak eta faxistak dira. Batetik, epaitegietako blokeo egoera ekidin eta berehala desalojatzeko funtzioa dute. Bestetik, okupazio mugimenduaren aurkako lan sistematikoa egiten dute. Bi fronte horiez gain, Errakiko kideek aztergai izango dute masa-komunikabideen rola; izan ere, komunikabideen bitartez okupazioaren praktika kriminalizatzen da etengabe.

Beraz, okupazioaren kontrako kanpaina politiko, juridiko eta mediatikoaren gako nagusiak ezagutu nahi dituzten pertsona guztiak gonbidatuta daude ostiraleko hitzaldira. Ezinbestekoa izango da segurtasun neurriak errespetatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide