Azpeitiko Gaztetxeak oinarrizko produktuen bilketa egingo du Valentziako herritarrentzat

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2024ko aza. 7a, 09:03

Valentzia uholdeak. (Pacopac/Wikipedia)

Elikagai zein material bilketa Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo dute. Azpeitian, herriko plazan bilduko dute materiala; azaroaren 8an eta 18an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean; eta azaroaren 9an eta 16an, 10:00etatik 13:00etara artean. Egun horietan laguntzeko boluntarioak behar dituzte, eta horretarako Azpeitiko Gaztetxearekin jarri behar da harremanetan edo Whatsapp talde honetara batu.

Azken asteotan ikusi dugu Dana deituriko hondamendi naturalak Espainiar Estatuko hainbat lurretan eragindako kalteak zeinen gogorrak izan diren. Begiratzen dugun tokitik begiratzen dugula, egoera horrek sinesgaitza dirudi; kaleak urak hartuta, autoak kolapsatuta, etxeak ezerezean, jendearen mina eta amorrua... Egun hauetan, Valentziako herri langilea guztiz kolpatuta, egoera zaurgarrian eta babesik gabe gelditu da, beraien bizkar gainean ehunka hildakoren zama dutelarik.

Bien bitartean, egoera horretatik etekina nola atera dezaketen pentsatzen eta martxan jartzen ari dira herriaren zuzendaritza duten eta lurraldearen egoeraren arduradun diren politikari profesionalak nahiz horiek kontrolatzeko boterea duten enpresariak; alde batera utzi dituzte guztiz langileriaren beharrak. Politikariek beraien koloreen defentsaren ardura ez onartzeaz gain, aurkari politikoa zikintzeko estrategia exekutatu nahian dabiltza. Halaber, ikusi ditugu talde faxistak hondamendiaren aurrean etekin politikoa atera nahian, jakinda azken horiek direla klima krisiaren aurrean entzungor egiten dutenak eta sektore zaurgarrienganako gorrotoa sistematikoki zabaltzen dutenak. Enpresariek, berriz, kaltetuak zein hildakoak zifra hutsal bezala hartzen eta beraien irabaziak nola handitu ditzaketen bilatzen jarraitzen dute; esaterako, ikusi besterik ez dago Espainiako Estatuan famatua den supermerkatu baten kamioiak nola geratu ziren uholdearen erdian ez aurrera ez atzera, edota nola hainbat pertsona lanera joatera behartu zituzten, etxera itzuliko ziren edo ez jakin gabe.

Kasu hori gaur egun bizi garen sistema kapitalistaren gainbeheraren eta herri langilearen beharrei erantzuteko zein horiek kudeatzeko duen sistemaren ezintasunaren adibide bat gehiago da. Geroz eta beharrezkoagoa da langileon ongizatea bermatuko duen sistema bat aldarrikatzea, irabazien logika alde batera utziko duena eta langileria lehentasun gisa hartuko duena. Egoera horren aurrean, Urola Erdiko gazte asanbladok oinarrizko materialen eta produktuen bilketa jarri dugu martxan, eta herritar orori ekimenean parte hartzera eta ekarpena egitera dei egiten diogu.

Elkartasuna eta indarra Valentziako herri langileriari! Gure hildakoak, haien irabaziak!

Ondoko irudian azaltzen da zer material eta produktu bilduko ditugun eta bilketa egunak nahiz orduak:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide