Gaur arratsaldean, Urola Erdiko gazte asanbladen artean antolatutako hitzaldi zikloaren lehen hitzaldia egin dugu. Eskualdeko hainbat gazte elkartu gara bertan, poliziaren sorrera, garapena eta horrek betetzen dituen funtzioez hausnartzeko. Horrez gain, gazteonganako errepresioa eta kriminalizazioa ere izan ditugu hizpide.
Azken horren adibide garbia dira EAJk eta Esanek egindako adierazpenak, zeinak gaurko hitzaldia zentsuratzea zuten helburu, gazte asanbladek espazio publikoa erabiltzeko duten eskubidea ukatu nahian. Harrigarria iruditzen zaigu eskualdeko gazteok antolatutako hitzaldi batetik horrelako eskandalu mediatikoa sortu izana.
Azken hilabeteotan ikusi dugun bezala, hau ez da gertakari isolatu bat. Izan ere, EAJk, komunikabideen laguntzarekin, gazte antolatuon kontrako kriminalizazio kanpaina bat martxan jarri du. Horren adibide dira, besteak beste, urriaren 12ko gertakarien ondoren faxistei aurre egin zieten gazteei faxista deitzea edota Bingen Zupiriak, gezurra esanez, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta euskal zaletuek deitutako kalejira aldez aurretik kriminalizatu nahi izana.
Kanpaina horren bidez, egun zabaltzen ari diren ideia erreakzionarioei eta faxistei alfonbra gorria jartzen diete, ez baita faxismoa EAJ kezkatzenç duena, haren aurka antolatzen den gazteria baizik.
Guk, gazteon pentsamendu kritikoa garatzeko eta kezkatzen gaituzten gaien inguruan eztabaidatzeko espazio irekiak sortzen jarraituko dugu, ahoa demokraziaz betetzen dutenek zentsuratu nahi bagaituzte ere.
Eskerrik asko gerturatu zareten guztioi!