Patuak hala nahita edo, gure aitak lur hau utzi zuen egun berberean egin dira publiko herriko danborradan datorren urtarrilean gauzatu nahi diren moldaketak. Aitak utzitako gauzarik preziatuenetarikotzat dut urteko lehen festarekiko atxikimendua. Hala hazi gintuzten anaia eta ni etxean, danbor musika entzunez, mimoz haur jantziak prestatuz eta bera zuzendari gisa urte luzez ikusiz. Bera falta denetik ere, hazten jarraitu du lehen sustraiak gurean 1957an ezarri zituen jaiak. Datorren urtean, hirurogeita hamar urte beteko dira, beraz, Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias apaiz donostiarrek Izarraitz magal honetara hiriko tradizioa ekarri zutenetik. Idazten ditut lerrook aitaren memoria horrek bultzatuta eta aurrean ditugun erronkei eskaini nahi zaizkien erantzunak ez zaizkidalako iruditzen ez egokienak, ezta taxuzkoenak ere.
Pozgarria da jendeak danborradan parte hartu nahi izatea. Ezin da kontrakorik esan, eta, gainera, horrela sentituko lukete lehen urte gogor haietan erridikulua egiten ari zirenaren sentsazioa izan zuten boluntario hainbatek. Baina hazkunde orok bere kontrola eta proportzionaltasuna eskatzen ditu. Galde diezaietela Julian Barrenetxea abesbatzako danbor taldea osatzen duten hainbati; mende arteko urteetan plazan lekurik ez zegoela esaten zitzaien, danborradan beraien sarrera bidegabeki atzeratuz. Mende laurdena igaro da ordudanik, eta Azpeitiko danborrada 16 taldetik 36ra igaro da, 25 urte eskasean. Atera batez bestekoa zerorrek, irakurle. 2003an aipaturiko taldea bezperan atera zenetik –bi urtez aritu behar izan zuten bandera jaitsieran, lehendik Itsasik 80ko hamarkadan egin bezala–, 2004an, 2007an, 2008an, 2011n, 2012an, 2017an, 2020an, 2025ean eta 2026an gehitu izan dira talde berriak danborradara. Handitze ikusgarri bezain dezenteki desproportzionatua.
Orain leku faltaren kontua planteatzen da, erreparatu gabe, gaur egungo erritmoa jarraituz gero, egun mahai gainean jartzen dena ere antzu geldi daitekeela hamarkada baten bueltan. 45 danbor taldeko danborrada bat asumitu dezake 15.000 biztanleko herri batek? Datu gisa, Donostian 28.000 pertsonak parte hartzen dute danborradan, 190.000 herritar dituen zentsu baten barnean. Irunen, beste ekitaldi jendetsu bat aipatzearren, 8.000 dira bi alardeetan desfilatzen dutenak, Gipuzkoako bigarren hiriburuaren biztanleria 64.000 pertsonakoa izanik. %14,7ko parte hartze orokorra lehen kasuan, %12,5ekoa bigarrenean. Gurea ere horrantz doa. Ba al gara herri gisa hori mantentzeko gai? Talde guztiek mantenduko al dituzte 50 parte hartzaileak, herritarrak talde batetik bestera ibili gabe ugaritan ikusten ari garen gisan? Berriro diot, ateak irekitzearekin ados, baina sarbidea kontrolatzearen beharrak kezkatzen nau.
Bestalde, eta sumindurik naukan ertzetako bat izanik, aipatu nahiko nuke parrokia aurreko geldialdiaren deuseztatzea erabat desegokia iruditzen zaidala. Sebastian Donearen egunaren harira antolatutako festek –izan Donostian nahiz Azpeitian– santuak herriari izurrite latz batean eskainitako babesa oroitzean dute oinarria. Danborrada ugari ospatzen dira gure inguruetan; izan sanandresetan Azkoitian, sanjoanetan Eibarren edota beste hainbat txokotan, egun seinalatuak ospatuz. Baina Azpeitikoa da Sebastian Donearen omenez gauzatzen den danborrada bakarra, jatorrizko donostiarraz gain. Azpeitiko danborradak bere baitan duen momenturik berezienetarikoa dela esan genezake parrokia atariko geldiunearena. Jose Luis Frantzesenak ere une horretan jo zedin idatzi zuen Soreasuko Sebastian martxa, 1986ko urtarrilaren 19an estreinakoz interpretatua. Gauekoaz gain, goizean interpretatu ohi den eliza barreneko martxarena ere momentu gorentzat jo genezake. Parrokian aritzen ziren bi apaizek eta parrokiako boluntarioek altxatu zituzten orain ezagutzen dugunaren lehen habeak, eta iruditzen zait mantendu beharreko errespetuzko keinua dela eliza atarian bizi ohi dugun unearena.
Azpeitiko danborrada zerbaitek egiten badu berezi, herritar ugariren bateratzea da hori. Hogeita lau orduz izaten dira danbor hotsak Donostian, baina gurean guztiok batera –koloreak kolore, ideologiak ideologia– zartatzen dugu danborra. Batera igotzen ditugu atabalak, gorputzak batuz egiten dugu dantza. Orain planteatzen den zatikatzeak esentzia hori kolpatzen du bete-betean. Argudiatzen dute "beste danborrada" bat bizi izan dutela azken urteetan kioskoaren atzean kokatu direnek. Nork pentsatu du geografikoki hain urrun dauden bi puntuetan –plaza eta eliza ataria– "danborrada berbera" bizi dezakegula azpeitiarrok? Ikuslegoa ere berbera izango da bi lekuetan? Sebastian Doneak egin beharko du mirariren bat bitan bana daitezen desfile ezin luzeagoarekin jada gaueko hamabietareko akituta izango diren ikusleen gorputzak. Ez du zentzurik urteen poderioz eraikitako irudi boteretsua –argazki koloretsu ezagun hori, jende andana bateratua–, espazio apur bat ez irabazteagatik, deuseztatzea. Hortxe ditugu Plaza Txikia, Goiko Kale ertza –Otamendi denda parea– edota Eperra taberna parea. Tokia egin egin behar izaten da, plaza hartu, lekua lortu.
Plaza berritu ostean behin betiko ezarritako laukiek ere fisionomia erabat aldakorra dute. Farmazia zegoen pareko laukiek eta udaletxe aldera begira eskuinean kokatzen direnek alde nabarmena dute. Marraztu ditzagun marra berriak, banderen balkoi azpian gelditu ohi den tartea apur bat irabaziz, danborradako taldeak hobeto eta modu ekitatiboan kokatzeko. Iruditzen zait badela zer hausnartua, eta ene iritziz, herriaren gehiengoak ere –danborradan parte hartzen dutenez gain– izan beharko luke zer esana prozesu horretan. Galdetu, erantzungo denaren beldurrik gabe. Orain artean ezagutu dugun danborrada hankaz gora jartzeaz ari gara. 70 urtean jasan ez duen aldaketa bat ezartzeaz danborradan. Ez dira uda atarian korrika eta presaka erabakitzeko kontuak.
Danborradaren historiari eta bertan aritu izan direnei nahiz etorriko diren azpeitiarrei zor diegu hausnarketa sakon eta pausatu bat.