124 lagun, paraje politak eta giro ederra, Azpeitia-Bilboko laugarren etapan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2018ko api. 16a, 12:16

Joan den zapatuan, apirilaren 14an, egin zuten Lagun Onak MBk antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren laugarren etapa, Elantxobetik Bermeora artekoa. Guztira, 124 lagunek egin zuten 23 kilometro inguruko ibilbidea, eguzki printzak noiz aterako zain. Eguraldi ederrarekin amaitu zuten lainotuta hasi zen eguna. 

Azpeitia-Bilboko laugaren etapara animatu zirenek 08:00etan hartu zuten autobusa Azpeititik Elexaldera. Han hasi ziren ibilaldiarekin, 09:30 aldera. Elexaldetik Elantxobeko porturaino jaitsi ziren aurrena, eta ondoren herri osoa igaro zuten, maldan gora. Ogoño mendiko alde batetik igaro ziren gero, Lagako hondartzara iristeko. Sokekin lagunduta egin zuten jaitsiera. Handik Akorda auzora hartu zuten, eta bertan egin zuten hamaiketakoa. Ordurako eguzki printzak ikusten hasita ziren txangora animatu ziren lagunak. Geldialdiaren ostean, San Pedro atxarreko ermitara joan ziren; han, Urdaibaiko paraje paregabeaz gozatzeko aukera izan zen. Argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten txangora animatu ziren lagunek, eta ondoren, Laidako hondartzara jaitsi ziren. Txalupa hartu, eta Sukarrietako Txatxarramendira igaro ziren gero. Ordurako eguaraldi ederra zuten lagun. Mendakan egin zuten bigarren geldialdia, bazkaltzeko. Indarrak hartu ostean egin zioten txangoa bukatzeko falta zitzaizkien lau kilometroekin, eta azkenean 16:45 inguruan iritsi ziren Bermeora. 

Asteburuko ibilaldi ederraren ostean, herriko mendizaleak zain daude bosgarren etaparako. Laugarren ibilaldiko argazki bilduma osorik, hemen.

Joan zen urtarrilean jarri zuen martxan Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa Lagun Onak mendi bazkunak. Guztira, zortzi etapa antolatu dituzte, denak 20-25 kilometro artekoak dira, eta GR eta PR izeneko ibilbideetan zehar egingo dituzte. Dagoeneko lau ibilaldi osatu dituzte: Azpeitia eta Deba artekoa (1.etapa); Debatik Lekeitiora artekoa (2.etapa);  Lekeitiotik Elantxobera artekoa (3. etapa) eta Elantxobetik Bermeora artekoa (4.etapa).

Honako hauek dira Azpeitia-Bilbo 2018 egitasko hurrengo etapak:

5- Bermeo-Bakio. 18 kilometro. Maiatzaren 12an, zapatua.

6- Bakio-Plentzia. 23 kilometro. Ekainaren 16an, zapatua.

7- Plentzia-Getxo. 22 kilometro. Irailaren 15ean, zapatua.

8- Getxo-Bilbo. 17 kilometro. Urriaren 20an, zapatua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide