Joan zen larunbatean, hilaren 12an, Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitia-Bilbo egitasmoko bosgarren etapa egin zuten Bermeo eta Bakio artean. Guztira, 88 lagunek egin zuten ibilaldia, eta parte hartzaileek euria eta eguraldi tristea izan zuten bidean zehar.
08:00etan Azpeitian elkartu, eta 09:30ean hasi zuten etapa, Bermeon. Euripean eta haize zakarrarakin hasi zuten ibilaldia, eta hango portutik Aritzatxuko hondartzara joan ziren lehendabizi. Indarrak hartzeko aurreneko geldialdia egin ondoren, Matxitxakora iritsi ziren, eta handik San Juan de Gaztelugatxerantz joan ziren. Onarpen sarrera eskuratu, 231 eskailera igo eta hango ermitara iritsi ziren 13:00ak alderako.
Eneperin bazkaltzeko tartea hartu ondoren, 15:00etan Bakio aldera abiatu ziren, eta 15:50ean amaitu zuten etapa hango hondartzan. Arropak aldatu eta zerbait hartu eta gero, 16:00etan Azpeitira itzultzeko autobusa hartu zuten.
Bosgarren etapa amaituta, seigarrenaren zain daude mendizaleak. Ekainaren 16an, Bakio eta Plentzia artean egingo dute 19 kilometrotako bidea. Dagoeneko bost ibilaldi osatu dituzte: Azpeitia eta Deba artekoa (1.etapa); Debatik Lekeitiora artekoa (2.etapa); Lekeitiotik Elantxobera artekoa (3. etapa) eta Elantxobetik Bermeora artekoa (4.etapa).
Bosgarren ibilaldiko argazki gehiago, berriz, hemen ikus daitezke. Horrez gain, argazkiekin osatutako honako bideoa egin du Lagun Onak Mendi Bazkunak: