Bertara jotzen duten asko eta asko bezala, halaxe dago osasun publikoa: ondoezik.
Joan den hilaren 18an Elkar-ekinek deituta, eta herriko hemezortzi eragilek eta Azpeitiko anbulatorioko hainbat langilek bat eginda, Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatzeko eta herritar guztientzat osasungintza publikoa eta duina eskatzeko ehunka haur, gazte eta heldu bildu ziren Azpeitiko anbulatorioaren aurrean. Jendetsuena bai, baina ez da izan hori azken hilabeetan Osakidetzako murrizketak jomugan izan dituen protesta bakarra; izan ere, iazko abenduan, sindikatuek deituta, herritar ugari eta Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kide hainbat elkartu ziren anbulatorioaren aurrean "Osakidetza indartzea" eta "lehen arreta defendatzea" aldarrikatuz.
Martxoko protestan, Laxaro Azkunek eta Maite Garmendiak azaldu zituzten elkarretaratzea egitearen arrazoiak eta helburuak. Zoritxarrez, azken hilabeteetan haiek esandako hainbat gabeziaren lekuko izatea egokitu zaion herritar bat baino gehiago ezagutzen ditut, eta neure larruan bizi izatea ere egokitu zait. Osakidetzan egiten ari diren murrizketak eguneroko ogia dira, eta ez die eragiten adinekoei bakarrik, herritar guztien bizitzetan dute eragina.
Azpeitiko anbulatorioaren egoerara etorrita, datu esanguratsuak plazaratu zituzten Azkunek eta Garmendiak mobilizazioan egindako hitzartzean. Bat: "Azpeitiari dagozkion hamar familia medikuetatik bederatzi daude beteta, baina horietatik bi baja luze batean daude, ordezkatu gabe". Beraz, hamar familia medikuren beharrean, zazpi besterik ez daude; %30eko hutsunea dago. Gure etxean, esaterako, lau kidetik hiru gaude familia medikurik gabe. Familia medikuarekin hitzordua eskatu, eta libre hitzordurik ez dagoelako, larrialdietako zerbitzura bideratu izan gaituzte behin baino gehiagotan. Bi: "Dauden familia medikuetatik batek baja hartzen badu, ez da ordezkorik etortzen, eta, batzuetan, larrialdietako medikuak bidaltzen dituzte ospitaletik". Azken hilabeteetan, larrialdietako mediku horietako batekin bi hitzordu izan ditugu. Hiru: "Bi kardiologoak ere baja luze batean daude, ordezkorik gabe". Lau: "Bi psikiatra etortzen dira astean bi egunetan, baina ez dira nahikoak dauden beharrak asetzeko". Bost: "Ez dago psikologorik". Sei: "Haurren osasun mentaleko zerbitzua kendu egin dute eta pediatrian hutsuneak daude". Zazpi: "Erizain kopurua berez egokia den arren, mediku faltak horien lan karga asko areagotzen du". Zortzi –neuk erantsita–: ez nuke nahi anbulatorioko langileen tokian egoterik; pentsatuta bakarrik eguneroko lanean zer entzun beharko dituzten batere errurik gabe...
Hutsuneak agerikoak dira, osasun publikoa ez dago ondo, eta ondoezik dagoenari erremedioa jarri behar zaio, eta ez aitzakiak. Ezikusiarena egiteari utzita, noiz helduko ote diote gaitzari adarretatik.