Korapiloa

Grinch

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga 2025ko urt. 8a, 08:00

(Argazkia: Pixabay)

Nerea Urangak 2024ko abenduko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hemendik eta urtea bukatu arteko sasoi honetan behin baino gehiagotan esaten didate gertuko bat edo bestek "Grinch bat" naizela. Ezizen hori jarri zidatenean, ez nekien zertaz ari zitzaizkidan, ezta arrastorik ere. Asko ere ez zitzaidan inporta, egia esateko.

Gero, kuriositateak eraginda, batean eta bestean galdetuta edota begiratuta jakin dut Gabonak gorroto dituen pertsonaia edota panpin tankerako berde bat dela Grinch. Bada, zer nahi duzue esatea, Gabonek baino ilusio gehiago beste gauza askok eta askok egiten didate. Eta horren arrazoia ez da Gabonen inguruan oroitzapen tristeak edota txarrak ditudala, ez horixe! Umetan lehengusuekin-eta elkartuta ospatzen genituen, ederki asko, gainera!

Batere graziarik ez didate egiten, ordea, ospakizun egun hauek; ...eta bazkaldu, eta afaldu, eta poteatu, eta kantuan irten, eta opariak egin eta abar. Dena egin egin behar delako, eta inguruan adin txikikoak daudenean zer esanik ez.

San Tomas eguna Azpeitiko festa egunik ederrenetakoa iruditzen zait, baina hortik eta urtea bukatu arteko eta berriaren hasiera artekoak ez ditut batere maite, egutegitik kenduko nituzke. Nahiago lanera joatea opor egitea baino, zer esango dizuet bada; eta aurten, behintzat, astebete batez hala egingo dut, lanera joan. (Lankideentzako oharra: igoal datorren urterako iritzia aldatuko dut, eta hitz egingo dugu oporrak banatzeko ordua iristen denean, bale? Badaezpada ere...).

Batzuek esango dute, eta herriko merkatariak zer? Haiei Gabonek-eta ematen dien arnasa zer? Egia da neguko arratsalde ilunetan kaleek beste bizi bat hartzen dutela, jendea ugaritu egiten dela, baita kaleetan autoen joan-etorria ere. Hori guztia eragin egiten da, ordea: arratsalde ilunak argitzeko argiztapen berezia jartzen dute, aisialdiko ekintza gehiago antolatzen dira herrian haur eta gaztetxoentzako, musika entzuten da kalean, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, gero Errege Magoen laguntzaileen nahiz Erregeen etorrera... Horiek guztiak antolatu egiten dira eta kalera jendea erakartzen dute. Beraz, kale biziak nahi baditugu eta herriko merkatarien alde egin, urte osoan zehar eragitea izango litzateke onena, eta gertukoei opariak egiteko nahiz jasotzeko egunak urte guztikoak dira onak.

Beno, aitzakiak aitzakia, saiatuko naiz lan eta jai, ahalik eta Grincharen tankera gutxien izaten. Gabonak gustuko dituenak disfruta eta goza ditzala. Eta irakurle, urte zaharra ondo bukatu eta berria hobeto hasi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide