Korapiloa

Aita santuak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga

(Argazkia: Pixabay)

Nerea Urangak maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Honezkero Vatikanoko Kapera Sistinoaren tximiniatik fumata zuriak irtengo zuen, eta aukeratuta izango dute aita santu berria. Azkena, Frantzisko, joan den apirilaren 21ean hil zen. Hamabi urte egin zituen Jorge Mario Bergoglio argentinarrak kargu horretan.

Aita santuaren edota aita santuen inguruan ezer idazteko asmorik ez nuen lerrootan, nahiz eta testu hau argitaratu aurreko asteetako albistegietan berri nabarmenetako bat izan. Gaiari heltzeko pista eman didana aldian behin bisitatzen dudan irutxulo.hitza.eus webguneko albiste bat izan da. Arreta piztu dit. Hala dio izenburuak: "Donostiako kale bati Frantzisko aita santuaren izena jartzeko eskatu du herritar talde batek". Albistean zehazten du herritar talde horrek "300 sinadura inguru" jaso dituela, Donostiako Udalari eskaera hori egiteko. Herritar talde horretako Lourdes Laredok Donostiako kale bati Frantzisko aita santuaren izena zergatik jarri nahi dioten ere azaldu dio Irutxuloko Hitza-ri: "Haren ekarpen humanitario, sozial eta kulturala aitortzeko". Horretarako sinadurak biltzen segitzeko asmoa dutela ere esaten da albistean, baita udaleko talde politikoei modu ofizialean galdegingo dietela ere. 

Eskatzea libre da. Eta herritar talde horren eskaerak Gipuzkoako hiriburuarekin lotutako beste bat ekarri dit gogora: Txillardegi udal liburutegia ekimeneko kideek zain jarraitzen dute Donostiako Udal Liburutegiari donostiar hizkuntzalari, politikari eta idazlearen izena jartzeko.

Ez dakit zeren arabera erabakitzen diren eta nork erabaki beharko lukeen herriko toki edota kale bati zein izen jarri. Ez dakidan bezala, gure herriko bi tokiri bi aita santuren izenak noiz eta zergatik jarri zizkieten; alegia, Pablo VI.a auzo bati eta Juan XXIII.a beste auzo bati. Bi horiek aita santu karguan noiz egon ziren jakiteko Interneteko bilatzailera jo dut. Angelo Giuseppe Roncalli 1958tik 1963ko ekainaren 3ra arte egon zen aita santu karguan, Juan XXIII.a izenarekin. Hura hil eta gero, Giovanni Battista Montini Pablo VI.ak hartu zuen aita santu kargua, 1963ko ekainaren 21etik 1978ko abuztuaren 6ra arte.

Agian, aita santuen izenak dituzten Azpeitiko bi auzo horiek izendatzeko arrazoiak jakiteko modukoak izango dira, hori ere ez dakit. Kuriosoa da azpeitiarrok –zahar eta gazte– juanbeintitres eta pablosesto bezala ezagutzen ditugula bi tokiak –inori ez diot entzun "Juan hogeitahirugarrena" edota "Pablo seigarrena" esaten–. Horrek ere atentzioa ematen dit.

Maiatzaren 15ean hasiko da Euskaraldia, euskararen erabileran eragiteko ariketa soziala. Bi auzo horien izenak euskaraz esateko eragingo digun ez dakit, baina hori izango da gutxienekoa. Euskararen erabileran eragiteko beste hainbat arlotan zer egin badaukagu eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide