Korapiloa

Imajinatu ere ezin

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga 2025eko azaroaren 7a

(Argazkia: Pixabay)

Nerea Urangak urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Idatziko nuke Benjamin Netanyahuren Israelgo Gobernua Gazan egiten ari den sarraskiaz, genozidioaz. Esango nuke zerbait telebistaren pantailan albistegietan azaltzen duten txikizioaren erdian haurrak korrika, negarrez eta gosez azaltzen direnean sentitzen dudan saminaz. Bonben hotsek edota tiro hotsek sortzen didaten ikaraz ere zedozer adieraziko nuke. Jardungo nuke, halaber, agertokien gainean estatuburuen nahiz herrialde hainbateko buruen adierazpenen txatxalkeriaz. Horiez guztiez gainera, nabarmenduko nuke Palestinako herriari egiten ari zaion barrabaskeriaren aurrean gizarteak erakusten duen epelkeria. Han ari da gertatzen, kilometro askotara, eragiten digu, baina ez hainbeste... Elkarretaratzeetan, mobilizazioetan, soinean pegatinak jarrita edota banderak balkoian jarrita salatuko dugu. Ez da nahikoa, ordea. Segi eta segi egiten dute.

Irudikatzen saiatu norbere larruan: bonba hotsek esnatu gaituzte, aldameneko eraikina eraitsi du lehergailuetako batek, eraitsi du goitik behera etxebizitza blokea... Hamar izan dira hildakoak, bost familia berekoak... Alabaren gelakoa da bat, eta Amaiaren lehengusua eta haren bikotekidea daude tartean. Seme gazteenaren gelan dabilen batek besoa galdu du, ez dakite hanka bat ere galduko ote duen. Etxearen hondakinetatik aldendu dituzte erasotik bizirik atera direnak; ezertxo ere gabe gelditu dira. Dena galdu dute, eta xemekorik ez aurrera egiteko. Zaurituak eraman dituzte hornigaiz, botikaz urri, justu-justu, dabilen ospitale batera. Osorik irten dutenek zerbait jan dezaten moldatu behar izan dugu etxean gordeta dugun jaki apurrarekin. Urri da, egunak igaro ahala soilagoak dira platerak. Eguna pasatu da, kalean eraikinen hondakin artean, noraezean dabilen jendearen joan-etorri zoroan. Iluntzen ari da, gaua dator. Lotarako ordua iritsi da, nola lokartu bonba hotsen oihartzuna ozena denean.

Hori guztia imajinazioa da. Nola irudikatu norbere larruan bizi ez den sarraskia? Erosoa ez da, baina begira gaude, kazetarien kontakizuna entzuten dugu eta sufrimendua gehiago ala gutxiago sentitu dezakegu. 

Joan den irailaren 19an udaletxeko kanpaiak jo zituzten bost minutuz. 1936an, Francoren tropak Azpeitira sartu zirenean, herritik ihesean joan ziren ehunka herritar gogoan. Haien izua ere irudikatu ezina da, baina ez ditugu ahaztu nahi, gertatu zena gogoan izan nahi dugu berriro gertatu ez dadin.

Gertatzen ari da, baina urruti, uste duguna baino gertuago, ordea. Gelditu beharra dago. Nola? Geldi egonda ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide