korapiloa

Jaietako arropa

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga 2026ko otsailaren 13a

(Argazkia: Pixabay)

Nerea Urangak urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lerro demonio hauetan zertaz jardun buruari bueltaka ari naizen bitartean, santomasetarako arropak antolatzen ari gara etxean; beno, dena ondo. Urtea festan bukatu eta berria ere festan hasten dugu gure herri bedeinkatu honetan. Baserritar jantziak armairuan gorde orduko, beste batzuk ateratzen eta antolatzen hasi behar.

Hitz hauek argia ikusterako, azpeitiar bat baino gehiagoren autoetan, etxeetan eta ahopetan entzungai izango dira sansebastianetako doinuak, baita etxean arropa dantza hasita ere; trajea tindategira eraman behar dela, besteren batena delako barrenak hartzera jostunarengana jo behar –gaur egun ia inork botoi bakar bat josten ere ez dakigulako–, lisatu... Hogeitalau orduren barruan egiten diren danborradek herri laurdena –edo gehiago– aztoratzen dute, eta milaka traje kaleratzen dituzte. Festazalea banaiz, baina ez dakit zergatik, sansebastianek ez dizkidate hegan jartzen nire barreneko tximeletak. Agian, ez naiz azpeitiar-azpeitiarra izango. Orduan, arropak atontzeko lanetatik libre izaten naiz.

Je! Danbor hotsak isildu orduko, karnabalak dira, ordea, Azpeitian. Hiru aste barru aurten. Arropa festa orduan ere, gutxienez, jai eta astelehen karnabalerako mozorroak prestatu behar! Festa egun horietarako jendeak egiten dituen prestakuntzekin gozatu egiten dut, baita lanean jardun behar badut ere. Gainera, azken urteetan, Azpeitiko Astelehen Karnabala aberastu egin da; helduak eguerditik kalera mozorrotuta ateratzen direnetik, festa egunak ikaragarri irabazi du. Zenbait herritar karnabalzalek hiru-lau festa egun horietan duten arropa-mozorroz aldatzeko gaitasunak ere txunditu egiten nau. Azpeitiko Musika Bandaren zuzendariak ere zenbat aldagarri ote ditu pentsatuta aurtengo jaietarako! Honezkero gure kuadrillako batek irudikatuta du zer jantziko duen karnabaletako astelehenean.

Horiek dira gertuen ditugun jaiak. Dena den, gaur egun jai guztietarako arropa berria erosi behar izaten dute gazteek –eta ez hain gazteek–, eta ez herriko jaietarako bakarrik. Gu haurrak ginenean, jaietako arropak igandetakoak izan ohi ziren, eta urtaroka estreinatzen genituen: negukoak, sarri, Gabonetan, eta udakoak, saninazioetan –urrestildarrek sanjoanetan, hango batek esanda–.

Festetakoak edota jaietakoak, arropak arropa, armairuak gainezka ditugu etxe gehiegitxotan. Mari Domingik, Olentzerok edota Errege Magoek ekarritakorik estreinatzear badituzue, ongi urratu ditzazuela, eta atera zukua urte berriari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide