Ez zait inoiz bururatu nire bizitzako azken asteak, egunak, orduak ala minutuak nola eman nahiko nituzkeen pentsatzea. Bateren batek horretaz galdetuz gero, ordea, garbi dut bat-batean zer erantzungo nukeen: nik ahalik eta gutxiena sufritzea eta ingurukoengan desgasterik ez eragitea.
Denok dakigu lehenago edo geroago hil egin behar dugula, baina horri buruz hitz egitea ez dugu atsegin. Pentsatzen jarrita, horrelako korapilo bat sortzen zait barrenean. "Etorriko da. Gertatuko da" pentsatu, eta aurrera. Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruz idaztea egokitu zaidanean jakin dut tresna hori aukerakoa dela, eta behin adin nagusikoa izanda, egin daitekeela. Alegia, gure buruaz erabakitzeko gai ez garenean jaso nahi dugun osasun arreta nolakoa izatea nahi dugun aldez aurretik idatzita utz dezakegula agiri horren bidez. Bizi testamentu bezala ere ezagutzen da.
Dokumentu hori idazteko garaian, askotariko egoerak irudikatu behar dira buruan, eta askotan, ezezaguna duguna imajinatzea ez zaigu batere erraza egiten –niri ez, behintzat–. Esaterako, inoiz ospitale batean egon ez denak, ez daki hango giroa nolakoa den. Edota inoiz inguruan mendekotasun larria duen gaixorik izan ez duenak ez du jakingo halako egoera batek zer suposatzen duen gaixoarentzako nahiz haren familiakoentzako.
Aurretiazko borondateen agiria eginda dutenek kontatutakoaren arabera, beraiek bizitako egoerak kontuan hartuta erabaki dute beren nahia idatziz jasota uztea. Ikusitakoa eta bizitakoa tarteko, jakitun dira garrantzitsua dela bizitzari bukaera baldintza onetan eta zainduetan ematea.
Gaiari lotutako kontu batek ere piztu dit arreta: Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatutakoen erdiak baino gehiago, hamarretik sei, emakumeak dira. Denok dakigu zaintzaren ardura ehuneko handi batean emakumeen gain dagoela, uzten dela, edota zaintzan aritzen diren profesional gehienak emakumeak direla. Ezin dut ziurtatu, baina bi datuen hari muturrak korapilo berean lotuta daudela esango nuke.
Hari muturrei tiraka, 2018ko eta 2019ko Martxoaren 8ko greba feministak etorri zaizkit gogora; emakume askok bat hartuta, zaintza denon ardura dela aldarrikatuz, aurreko mantalak balkoietan zintzilikatu genituen mobilizazio haiek ondo gogoan ditut oraindik ere. Urteak aurrera, korapilo askok bihurrituta segitzen dute, eta haiek askatu arte laxatzen joateko zeregin ugari ditugu egiteko.