Konturatzerako bukatu da ikasturtea. Nahi baino azkarrago igaroko da abuztua, eta konturatzerako ingurukoei urteberrionka jarduteko garaia iritsiko da. Asteak, hilabeteak... gero eta azkarrago pasatzen dira, eta urtebeteko paperezko agendak laburrak gelditu dira aurrera begirako planak apuntatzeko; horretarako daude agenda digitalak, lau urte barrurako planak markatzeko batere kuidorik gabekoak. Aurreraka-aurreraka goaz, balazta batere zapaldu gabe, harik eta aurrera egin ezinda gelditzen garen arte.
Aitzina joan ezinean gaudenean, buelta eman eta atzean utzitakoari erreparatu behar, zer erremedio! Uda betea nahi baino azkarrago hasi da aurten, maiatzeko zenbait egunetan 30 gradutik gorako tenperaturak egin ditu, baita ekainean ere; uda hasi orduko, udako giroarekin aspertuta. Kirioak dantzan, hilabete lehenago aurreikusi ezineko egoerak harrapatu gaituelako. Noiz asmatuko dute urtebete oso baterako eguraldia iragartzeko gai den teknologia? Googlen AA moduaren erantzuna: "Zientzialariek ez dute inoiz lortuko urtebete lehenago egun bakoitzeko eguraldi zehatza –euria ala eguzkia egingo duen– iragartzea. Kaosaren teoriak eta fisikaren muga matematikoek ezinezko egiten dute hori". Eskerrak!
Herriko dendak, supermerkatuak... haizagailuak saltzen segitzen duten bitartean, udazkeneko modarekin jantzita daude kale aldamenetako erakusleihoak. Hondartzan, bikinitan, toalla gainean etzanda, sakelako telefonoaren erakusleiho jigantean negurako txamarren aukerez maisiatzen jardun dugu, aldamenean toallan etzanda, belarrietan entzungailuak jarrita, dagoen lagunarekin. Bitartean, kaioak elegante hartu du mokoarekin poltsatik haurraren meriendarako txorizopanplona bokadilloa, eta eraman du hegan.
Ez du inporta bokadilloa falta izatea, telefonoz deitu, eta hondartzaren sarreraraino ekarri du banatzaileak pizza patinete elektrikoan. Kartoia hondartzako zakarrontzian utzi dugu, eta kaioari mokotik behera erori zaio bokadilloa bilduta zegoen aluminiozko paper zatia. Igual du, bihar pasatuko dira hondartzaren garbitzaileak, eta haizeak itsasoko uretan murgildu ez dituen zaborrak jasoko dituzte.
Pasatu da uda, hasi da astelehen buruzuria, asteartea, asteazkena... urria, azaroa, abendua. Asteburu bakar bat ez dugu izan libre, uda aurretik denak planifikatuta genituen, sarrerak erosita... Beno, ekainaren 9an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2027ko lan egutegia onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak; bale gara datorren urte osoa programatzeko.
Denboraren makinaren teknologiak aurrera egin du, gero eta azkarragoa da. Baina eguraldiak bezala, ezin gaitu eraman guk gogoa dugunean nahi dugun garai horretara, eta hori ere, eskerrak. Gustura gaudenean jar diezaiogun makinari galga, garaian garaikoarekin gozatuz.