Martxoaren 8a

Soldata eta pentsio arrakalaren kontrako neurriak behar ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Pentsiodunen Mugimendua 2026ko martxoaren 5a

Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Mugimenduak honako testu hau argitaratu du Martxoaren 8aren harira.

Martxoaren 8a gerturatzen ari denez, eta genero arrakalaren gaia zertan den ikusita, honako hauek adierazi nahi ditugu:

2023ko datuak dira Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako azkenak. Horien arabera, Hego Euskal Herriko emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %19,3koa da. Oinarrizko soldata baino gutxiago jasotzen duten pertsonen profilari begiratuz gero, ez dago ezustekorik: hiru langiletik bi emakumeak dira, eta bi langiletik bat migratzailea. Horri guztiari ordaindu gabeko zaintza lanetan aritzen diren emakumeak gehitu behar zaizkio.

Horrez gain, emakumeak pentsio miserableekin iristen dira erretirora.

2025eko abenduaren 31ko datuen arabera, pentsioen arteko arrakala %28koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %32koa Nafarroan. Ezin da ahaztu 2025ean kotizazio gabeko pentsioak (zenbateko txikienekoak) zituzten emakumeak ia gizonen bikoitza zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan bikoitza baino gehiago (%69).

Emaitza hauek ez dira ustekabekoak, erabaki politikoen emaitzak baizik. Langileengan eragin zuzena duten eta, bereziki, emakumeak zigortzen dituzten erabakien ondorioak dira, lana sexuaren arabera banatu eta emakumeek egiten duten lana gutxiago baloratzen duen sistema ekonomiko baten emaitzak. Horrek aberastasuna gutxi batzuen eskuetan metatzen laguntzen du, gero eta lan baldintza prekarioagoak, soldata txikiagoak eta, ondorioz, pentsio are okerragoak mantentzen diren bitartean.

Ezinbestekoa da lanbide arteko gutxieneko soldata hobetzea eta gutxieneko pentsioak erreferente horrekin berdintzea, gaur egun gure gizartean dagoen genero arrakala murrizten eta sortzen den aberastasuna hobeto banatzen lagunduko baitu horrek. 

Egoerarik okerrenetan dauden langileen baldintzak hobetzeko gutxieneko soldata propio bat erabaki ahal izatea justizia kontua izateaz gain, sistemak aitortu behar duen zor patriarkal eta koloniala ere bada. Izan ere, gizartea gehienbat emakume eta pertsona migratu eta arrazializatuei egokitu zaizkien zaintza lanez baliatzen da.

Hemen gauden erakundeok, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, aldaketa kultural, ideologiko eta politikoa aldarrikatzen dugu. Aberastasuna banatzea aldarrikatzen dugu, guztiok hobeto bizi ahal izateko, benetako berdintasunean eta generoen arteko diskriminazioa ezabatuz. 

Hori horrela, martxoaren 8an kalera aterako gara, eta martxoaren 17an greba orokorra egingo dugu.

Soldata eta pentsio arrakalaren kontrako neurriak behar ditugu! Gora borroka feminista!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide