Irailaren 27a egun seinalatua da euskal nazio askapen mugimenduarentzat: egun horretan, 1975. urtean, Angel Otaegi eta Jon Paredes Manot Txiki fusilatu zituzten, FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baenarekin batera, Francoren erregimenaren agindupean.
Ezker abertzaleko militanteak ziren Txiki eta Otaegi, Euskal Herri aske eta justu baten alde borrokan zihardutenak. Horregatik hil zituzten, eurekin batera proiektu politiko bat eta komunitate konprometitu bat ere akabatuko zituztelakoan. Ordea, ez zuten lortu; Txikiren eta Otaegiren askatasun ametsak eta irrintziak bizirik dirau; areago, inoiz baino indartsuago dabil.
Asteburu honetan, Txiki eta Otaegi erail zituztenetik 49 urtera, hainbat ekitaldi antolatu dira Azpeitian. Irailaren 27an, ostirala, lore eskaintza egingo da 18:00etan Nuarbeko hilerrian; eta 20:00etan, berriz, luntx-ekitaldia izango da Azoka Plazan. Halaber, irailaren 29an, igandea, Sortuk nazio ekitaldia egingo du Azpeitian, Soreasu antzokian, 12:30ean, Irrintzi bat dabil leloarekin.
Isildu ezin izan zuten irrintzi hura bizirik da, beraz, Euskal Herriaren luze-zabalean. Hain justu, data hau bada askatasunaren aldeko irrintzi hori berresteko eguna. Ez gara atzera begiratzeaz ari, ez bada bizirik eta indartsu dagoen komunitate baten proiektu politikoa berresteaz. Helburu hori izango dute irailaren 27ko eta 29ko ekitaldiek.