Urolako trenarekin lotutako urteurren urtea ari da izaten 2026a: ireki zuteneko mendeurrena izan zen otsailaren 22an, eta azken bidaiak egin zituela 40 urte beteko dira gaur zortzi, uztailaren 12an.
Zumarragatik Zumaiara arte Urola bailara lotzen zuen trenaren historiaz luze eta zabal idazteko eta aritzeko aitzakia izan da, beraz, aurten. Tartean, aipatu dira trenaren itxiera gorabeheratsua, haren aurrekariak eta ondorioak. Gukak ere jori landu ditu urteurrenok, Dabilen harriari... saio bereziarekin edota Urolako trenbidearen irekiera zein bilakaera eta itxiera jorratzen duten erreportajeekin.
Zaharrak berri atalak ere jarri ditu bere aleak urteurrenok gogoratu dituzten edukien zerrendan. Otsailean, inauguratu zutenekoa ekarri zuen gogora Azpeitia Gukak atal honetan. Uztaileko Zaharrak berri-k, berriz, Urolako trena kentzea artean arriskua zela egin zituzten protesta jendetsuei eta haietan erabilitako leloetako bati egin die tartea: Pepe Gilen argazkian, Azpeitiko Erdikalea jendez beteta ikus daiteke, eta protestaren buruan, Urola bai, berria eta orain zioen pankarta.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azpeitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia e-postaz bidal daiteke –azpeitia@ukt.eus helbidera– edo eskura eman, bulegoan –Dinamoa sormen gunea, Soreasu auzoa–.