Gaurko Berriak argitaratutako artikulu interesgarria, Unai Iturriagaren eskutik.
\
\
NORMALA (Unai Iturriaga)
\
\
Ez zen epaiketa normala izan. Tradizioz fiskaltzaren eta akusazioaren taldean aritzen direnak jesarri ziren akusatuen aulkian. Hamabost ziren Portu eta Sarasola torturatzeaz akusatuak, hamarnaka jendearentzako gordetako aulkiak bortxaz bete zituztenak. Gipuzkoako Auzitegiko epai-aretora sartu gura izan zuten bi lesakarren senitarteko eta lagunak bultzaka eta kolpeka uxatu zituzten epaitegiko zaindarien eta ertzainen muturren aurrean. Lau kondenatu zituzten Donostian. Laurak absolbitu dituzte Madrilen. Normala.
\
\
Normala, bai. Amorruak amorru, zer besterik espero zitekeen? Justizia deitzen dioten makineria hori estatuaren adar bat da eta epaituek ere estatutik jasotzen dute hileroko soldata. Dagokien lana betetzeko hezten ditu estatuak bere Escuela de las Americas partikularrean eta Euskal Herrira lan hori betetzera bidaltzen ditu, ez amonei bidea gurutzatzen laguntzera. Zigorra onartuko balu, bere burua zigortuko luke eta, bide batez, hamarkadetan modu kontziente eta siste-matikoan erabili duen tresna terrorifiko baten aitortza egin. Beraz, ez gaitezen harritu, ez gaitezen engaina. Ez ditu estatuak bere soldaduak zigortzen agindutakoa egiteagatik. Ez litzateke normala.
\
\
«Zertarako nahi duzue estatua?» esaten digute sarri munduko hiritarrek. Estatuak egitura zaharkituak direla, nazionalismo baztertzaileen habiak, begirada murritzeko jendearen ametsak. Euren estatuan eroso bizi ohi dira halako predikuak darabiltzatenak, nazionalismoa bidaiatuz sendatzen den eritasuna dela errepikatzen duten unamonoak gehienak. Ez die minik ematen mugetan zutaz ari ez den nortasun agiria erakusteak. Ez dute begirada behititu beharrik errepideko kontroletan. Ez dira inoiz piztiaren leotzetara eroanak izatearen beldur izan. Normala.
\
\
Besteak beste, soldatapean torturatzailerik izango ez duen estatu bat nahi dut. Ez al da normala?
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide