Beste argazkilari batek erretratatu balitu ...

\N 2012ko ots. 9a, 17:55

Beste argazkilari batek erretratatu balitu ertzainak erasotzen... \ \ Baina ze arraio? Uste dut komunitate honetan norbaitek berri eman zuela ertzainek Argazki Press-eko bi argazkilariri eraso egin zietela Athletic-en partidaren ostean, joan den asteartean. \ \ Adierazpen askatasunaren aurkako ekintza oso larria iruditzen zait neuri. Zer gertatzen da? Berria.info-k (http://berria.info/albisteak/60569/euskal_kazetarien_elkarteak_ertzainek_bi_argazkilari_jo_izana_salatu_du.htm)dionaren arabera, Athletic-ekoak autobusez San Mamesera heltzen ari zirela gertatu zen. Ertzaintza ziurrenik gunea "zaintzen" ariko zen. Eta ertzainek ezin al dute beren "zaintza" inori eraso gabe burutu? Zergatik erakutsi behar dute "autoritate" itxura hori? Zergatik uste dute "herriaren defentsan" aritzeak, gainerakoon gainetik egoteko eskubidea ematen diela? \ \ Aukeran, kakotx arteko hitz eta galdera ikur gehiegi idatzi ditut ezta? Egoerak zentzurik ez duela erakusten dute sinbolo horiek, ironiaz idatzitako kakotxek; eta erantzuna jakinik egindako galderek. \ \ Eta Ares jaunak, "espedientea" zabalduko omen dio agenteetako bati. Justua iruditzen zait erabat, bere boterearen neurriz kanpoko erabilera okerra burutzeagatik ondorioekiko kontsekuente izan behar baitu. \ \ Hala ere, erru handirik gabe manifestaldien buruan joate hutsagatik erasotuak izan diren herritarrez oroitzen naiz. Ekintza horien erantzule diren ertzainei ez zitzaien espedienterik zabalduko; eta okerragoa dena, agian dominaz hornituko zituzten. Ba Aresek jakin dezala eraso batzuk zein besteak burutzen dituzten ertzainak berberak direla eta erasotuak diren kazetariak zein manifestaldi-buruko herritarrak errugabeak direla. Eta "aro politiko erabakior" honetan aurpegia zuritzeak, ez diola ezertarako balio. \ \ Hipokresiak sortutako inpotentziatik idazten dut gaurko iruzkina. Eta elkartasuna helarazi nahi nieke erasotuak izan diren argazkilariei. Jarrai ezazue adierazpen askatasunaren bidean zeuen lana egiten eta bide batez, zeuen lanean askatasunaren bidea urratzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide