Gazte1+EZ!

\N 2012ko ots. 23a, 18:37

Gazte1+EZ! \ \ Bordeleko Gradignan espetxean bakartu dutela Naia Lacroix gazte senperetarra irakurri dut Topatu.info gazte komunikazio proiektuaren atari digitalean. Bertan aipatzen denez, moduloko emakumezko euskal preso bakarra da. \ \ Zergatik neurri hori? Ez ote zen aski 21 urteko neska gazte bati froga argirik gabe higiezinen aurkako eraso bat leporatu, etxetik ahizparekin batera indarrez atera, babesa helaraztera joandako lagunen aurka gasa bota, eta Fresnesen espetxeratuta? \ \ Baditut Naia ezagutzen duten lagunak. Neska gogorra dela diote, hari ez diotela funtzionarioek barrerik egingo eta edozeri aurre egiten dakiela. Ziurrenik lagunez gain, presondegietako funtzionarioak ere horren jakitun dira eta hargatik ezarri nahi izan dute gazte senperetarra muturreko egoera batean. Herritik 200 kilometro inguru urrundu dute eta gainera, ez du beste euskal herritar batekin kartzelako egonaldia arintzeko aukerarik izango. \ \ Naiaren lagunak diren batzuk ezagutzen ditudala aipatu dut. Ez zait horren gertukoa egiten, noski, baina badira beste hainbat arrazoi berarekin identifikatzera naramatenak. Zoritxarrez gertuko hainbatek jasan duen trantzetik igaro dira Audrey ahizpa eta biak. Audreyk zorte gehiago izan du eta etxean da dagoeneko, ea Naiaren espetxealdia ere ez den gehiegi luzatzen. \ \ Ba hori, euskal gazte asko igaro dira horretatik eta gaur egun testuinguru politiko berriaz hitz egiten ari garenean, errepresioak amaitu behar lukeela entzun dugu hainbat aldiz. Eta non geratzen dira desio horiek? Militantzia politikoa kartzelaratzeko arrazoi den artean, herri honetako gazte askok jarraituko dute errepresioaren hatzaparretan erortzeko zorian. \ \ Etxera dezatela Naia Lacroix lehenbailehen eta baita Espainiako zein Frantziako espetxeetan preso ditugun gainerako lagunak ere! Musu eta besarkada handi bana guztiei, eutsi goiari! \ \ GAZTE BAT GEHIAGO EZ!!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide