Emakumeen aldarria

Uztarria.eus 2012ko mar. 9a, 11:46

Atzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela-eta, elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek plazan, 19:30ean hasita. 'Aldaketa feminista Euskal Herrian' lelopean egin zuten kontzentrazioa. Behin hori bukatuta, emakumeen afaria egin zuten Sanagustin kulturgunean.

Hala ere, ez dira bukatu Bilgune Feministak Emakumeen Egunaren harira antolatutako ekimenak. Izan ere, ondorengo ekimenak izango dira igandera bitartean:

Martxoaren 9a, ostirala: Hautsak eta Urrutiko Intxaurrak taldeen kontzertuak Orkatz tabernan, 22:30ean hasita. Bilgune Feministak Orkatz Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimen hau.

Martxoaren 10a, zapatua: 10:00etan hasita Autodefentsa Txokoa izango da, Emakumeen Txokoan. 21:00etan hasita Txotx Feminista eta erromeria izango dira Gaztetxean. Ikasleek eta langabetuek bost euro ordaindu beharko dituzte eta langileek zortzi euro. Ogitartekoak bertan salduko dituzte.

Martxoaren 11a, igandea: 'Sarean Zintzilikatuta' antzerkia izango da 19:00etan hasita, Gaztetxean. Edurne Agirrezabalak antzeztuko du, eta ikasle zein langabetuek hiru euro eta gainontzekoek bost euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, gaur, ostirala, itxiko ditu ateak Sara Gomezen Ilunpeko bidaiak argazki erakusketak Gaur ere ikusi ahal izango da Emakumeen Txokoan, eta 16:30etan zabaldu eta 20:00etan itxiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide