Mandubian erabakita

Uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 20a, 12:04

Zapatuan txirrindularitzako jubenilen San Jose lasterketa jokatu zuten, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Caja Rural taldeko Iker Azkaratek irabazi zuen. Talde bereko Pello Olaberria izan zen bigarrena, eta, hirugarrena, Galdiano Eraikuntzak-eko Alberto Agirre. Lasterketa Mandubiako igoeran erabaki zen, Caja Ruralgo bi txirrindulariek lehenengo bi postuak hartu, eta helmugaraino heldu ziren. Atracciones Sanz-eko Ander Garatek hamabosgarren egin zuen. 

Igandean, berriz, Eibarko Abaskal Sari Nagusia jokatu zen, eta han izan ziren Azpeitiko Atracciones Sanz taldeko kadeteak. 55 kilometroko itzulia egin behar izan zuten txirrindulariek, eta arazo handienak erorikoekin eta gurpil zulaketekin izan zituzten. Urtzi Muguruza Sumofic-Igartua taldeko txirrindularia izan zen lehenengoa. Bigarrena, Andoaingo TX. Eskola taldeko Mikel Alonso, eta hirugarren Galdiano Eraikuntzak taldeko Aratz Olaizola sailkatu zen. Lehenengo azpeitiarra, Andoni Gurrutxaga izan zen, eta hemeretzigarren postua eskuratu zuen. Bestalde, taldekako sailkapenean Atracciones Sanz bederatzigarrena izan zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide