JALGI HADI GARAIPENERA GAZTE!

\N 2012ko api. 5a, 10:58

JALGI HADI GARAIPENERA GAZTE! \ \ Badator, bihar dagoeneko, motxiletan azken gauzak sartu, mendiko botak, txandala, xira, bazkaritarako bokata... eta beste kontutxo batzuk ahazten ditugun edo ez begiratu, eta Sarara joateko autobusa hartzeko prest izango gara. \ \ Gazte martxa, bi hitz horiek entzunda zenbat gauza ez ote zaizkigu pasatzen burutik gutako askori. Neure kasuan, hirugarren aldia da gazte martxa batera joango naizena. Aurreko bi aldietan, goitik beheraino blai eginda, botak lokaztuta, zutik lo hartzen nuela... amaitu dut. Kontu horiek irakurrita, ez du gogo handiegirik ematen ezta? \ \ Ba bai, kontu horiek guztiak ditu gazte martxak, baina horiei gain hartzen dieten beste hamaika kontu on ere bai! Euritan mendian gora ehundaka gazte oihuka joatea, "herri hau gurea da, eta ez digu inork kenduko!" pentsatuz. Gazte euskaldun, iraultzaile, parranda zale, sano... denetariko gazteek egiten dugu bat halakoetan, itzelezko giroa sortzeko denon artean. Halakoak gara euskalduon ohituraz ezta? Apur bat masokak agian, baina beti ondo pasatzeko helburuz egiten dugu lan. \ \ Galdetu bestela hilabeteak arrantzan etxetik kanpora igaro eta edozein herri txikitan lehorreratu ostean, lorik egin gabe parrandan ibiltzen zirenei. Edo galdetu belarretan eguzki-galdatan orduak ia urtuan igaro ostean, auzolanak duen hoberenaz, lanak amaitu osteko afari-merienda kolektiboaz gozatzen zutenei. \ \ Guk ere berdintsu jokatuko dugu datozen egunetan, etxeko ohe goxotik at, zoru gogorrean paratutako esterilletan (koltxonetak daramatzaten listilloak badauden arren) egingo dugu lo; dutxatzeari ere uko egiteko prest izango gara, uraren tenperatura freskoa (izozteko modukoa ez esatearren) dela medio; bokata eta frutu lehorrekin biziraungo dugu;... baina egunero egunero irribarrez jaikiko gara, bezperako parrandak utzi digun resakaz ahaztuta, "gaur ere hemen gaude, eta garaipenera jalgi gara!". Espetxean, ihesean, zaintzapean... aurkitzen diren gazte horien guztien omenez, GARAIPENERA JALGIKO GARA datozen hiru egunetan! \ \ Eta Iruñeko Aberri Egunera panpox-panpox parrandarako prestatuta zoaztenok, argi ibili zaitezte gurekin, lorik ez egiteak, hala moduz jateak edota euritan ibiltzeak, indartu egiten gaitu eta! Edo... gu bezalako ehundaka gazte indepedentistez inguratuta bi egun pasatzea da indartzen gaituena? \ \ Hortxe duzue astebururako gonbidapena, nahi duenak jalgihadigaraipenera.com-en dauka plana ikusgai. \ \ \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide