Murrizketak salatzeko, manifestazioa

Uztarria.eus 2012ko ira. 7a, 14:52

ELA sindikatuak deituta, dozenaka lagunek manifestazioa egin dute Azpeitiko kaleetan zehar, Espainiako Gobernuak egin dituen murrizketak salatuz. ”Euskal Herrian etengabe murrizten ari zaizkigun giza eta langileen eskubideak” defendatu dituzte, eta hilak 26rako LAB, EILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuekin eta beste eragile batzuekin batera egingo duten greba orokorrera deitu dituzte herritarrak.

Urola Kostako ELA sindikatuak asanblada egin du goizean Azpeitiko Soreasu aretoan, eta Mikel Noval politika sozialen arduradunak egungo azterketa egin du, eta “bestelako gizarte politikak” aldarrikatu dituzte.

Sindikatuak Corrugadosen egoera gogoratu du, eta enpresak aurkeztutako kaleratzeen aurka “jo eta ke borrokan” ari direla azpimarratu du. Zentzu horretan, bide bakarra “mobilizazioa” dela adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide