Irailaren 26ko greban parte hartzeko deia egin du Azpeitiko Greba Batzarrak

Azpeitiar12 2012ko ira. 21a, 21:40

Gaur egun pairatzen dugun egoera ikusita, herritarrok batu beharra daukagula ikusi dugu. Horregatik, Azpeitiko Greba Batzarra sortzeko aurrenengo pausoak eman ditugu zenbait eragile eta norbanakok.\ \ Egoera ekonomiko honen sortzaile izan diren banketxeei 146.000 miloi euro eman zaizkie jadanik, baina 100.000 miloi euro gehiago behar omen dituzte sistemaren egonkortasuna bermatzeko. Sistema finantzieroaren “erreskatea” herritarrok ordaintzea nahi dute.\ \ Madriletik datozen murrizketak 102.000 miloi eurokoak izando dira, 102.000 euro gutxiago oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, enplegu politikak egiteko, eredu ekonomikoan inbertitzeko,prestazioak bermatzeko… eta herritarrentzat, murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga-igoerak, soldata jeitsierak…\ \ Murrizketa hauek sektore guztiok jasaten ditugu, gazte, emakume, pentsiodun, etorkinak… Emakumeen kasuan,gehienbat beraiek egiten duten lan ikusezinak errekonozimenturik gabe jarraitzen du, ikasleei unibertsitateko sarrera zaildu zaie, ikasgelak masifikatuta daude, pentsioak etengabeko jeitsierak jasaten ari dira… Ezin da onartu, gutxi batzuren mesedetan, gainontzeko herritarren eskubideak zanpatu eta urteetan izerdi eta odolez lortutakoa, hilabete gutxiren burruan suntsitzea. Horri aurre egiteko, gizabanako guztion inplikazioa eta borroka behar-beharrezkoak direla uste dugu. Sindikatuen lana ezinbestekoa izan arren, herritar guztion eginbeharra da geure eskubideak babestea.\ \ Madriletik datozen politika murriztaileen aurrean, beste alternatiba bat eraikitzea posible dela iruditzen zaigu. Horretarako beste politika batzu aurrera eramango dituzten instituzioak behar ditugu. Murrizketak baztertuko dituztenak, banketxeak “erreskatatuko” ez dituztenak, herritarrak babestuko dituztenak… hau da, burujabetza ekonomiko eta politikoa duten instituzioak behar ditugu.\ \ Horregatik, irailaren 26ko grebarako deia egin nahi dugu. Gure nahia ez da eztabaida antzuetan erortzea, indarrak batuz guztion artean sistema kapitalista hau sustraitik aldatzea baizik. Hori dela eta, hainbat ekimen prestatu ditugu greba eguna bitartean; baita egunerako bertarako ere. Bakoitzak norberaren esparrutik ahal duen ekarpena eginez beharrezkoa da asteazkenean kalera irtetzea, protesta eta ekimenetan parte hartuz. \ \ Egia da egun gutxi daudela greba egunerako, baina hau maratoi baten hasiera baino ez dela ikusita, aurrera begira elkarrekin lanean jarraitzeko nahia daukagu; edonorentzako ateak irekita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide