Lurrun-trenak sei makinista berri ditu

Uztarria.eus 2012ko urr. 9a, 14:24

Gaur, asteartea, jaso dute eskualdeko sei herritarrek (lau azpeitiar, zumaiar bat eta zarauztar bat) makinista eta suginak trebatzeko ikastaroari dagokion diploma. Ekitaldian izan dira ikastaroa egin duten hiru kide, Maitane Ostolaza Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendaria eta Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko zinegotzia. Ostolazak "egindako lana errekonozitu" die makinistei: "museoa erakargarriagoa bilakatzeko egin duten lana eta ahalegina aitortu behar zaizkie ikastaroan parte hartu dutenei". Aurtengo udan egin dute ikastaroa Uruguaiko irakasleekin eta bi alor landu dituzte; teorikoa zein praktikoa. Gero azterketa egin zuten, eta museoko material mugikorra probatu eta konpontzeko aukera ere izan dute. Orain, asteburu eta jaiegunetan, ikastaroa egin dutenek gidatzen dute bolondres gisa, lurrun trena. Ostolazak esan duenez, "ikastaroaren beste edizio batzuk egitea aurreikusten dugu".

Azken hilabeteotan Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak museoa herritarrengana gerturatzeko eta herriko zenbait eragilerekin lanean aritzeko hartutako konpromisoaren harira hitz egin du Iñaki Portilla zinegotziak. Haren ustez, "trena martxan dago, eta ez dago gelditzerik": "Trenaren motorra da museoa; gero eta bagoi gehiago itsatsi nahi dira, baina ja badaude turismoaren, kulturaren eta Udako Unibertsitatearen bagoia. Laster, gainera, ikerketarena ere erantsiko da, ziurrenik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide