Azpeitiko Kultur Mahaiko bazkideek atzo gauean jokatu zuten herriko soziedadeen arteko II. mus txapelketako euren saioa. Hamasei lagun bildu ziren, Sanagustinen. Aitor Priyak eta Iñaki Azpiazuk irabazi zuten, bigarren Eñaut Frantzesena eta Euxebio Beloki geratu ziren, eta laurak abenduaren 1eko final nagusira sailkatu dira (argazkian, Beloki, Priya, Frantzesena eta Azpiazu). Txapelketako lehen faseko hurrengo saio batzuk: Oilagorran zapatu honetan (arratsaldez), Arauntzan hilaren 23an (ostirala, gauez) eta Oilo Soron ere hilaren 23an (gauez). Iaz 28 elkartek hartu zuten parte, guztira 143 bikotek. Bi helburu ditu txapelketak: soziedadeen arteko hartu-emana gehiago sustatzea, eta Kultur Mahaia diruz laguntzea (Kultur Mahaiko bazkide egin nahi?), ondo pasatuz.