Denboraldia hasi dute Izarraitz Igeri Elkarteko kirolariek

Aste bukaera honetan izan dituzte denboraldiko lehen lehiak Gipuzkoan, Izarraitz Igeri Elkarteko infantil eta junior mailako igerilariek. Irunen Euskal Herriko Taldeen Kopa eta Azpeitian Gipuzkoako Taldeen Kopa jokatu dituzte. Irailean hasi zituzten entrenamenduak eta bakoitzaren sasoia nolakoa den jakiteko balio izan dute lasterketa horiek. Esan beharra dago test horien emaitzak onak izan direla.\ \ Irunen, Euskal Herriko Taldeen Kopan, Jon Aizpuru izan da lorpen handiena ekarri duena. 200 metro bularrean, 14 urteko Euskadiko denbora onena ezarri zuen-eta, aspaldiko errekorra hautsiaz. 1992tik zeukan errekorra Gorka Baraiazarrak, 2.29.10 denbora eginda. Jon Aizpuruk erraz gainditu zuen eta 2.24.90ean utzi du errekor berria, 4 segundo eta 20 dezima gutxiagoan. 50 eta 100 metro bularrean ere aritu zen Azpuru eta bere ohiko maila erakutsi zuen.\ \ Jon Aizpururekin batera Pablo Etxeberriak hartu zuen parte Iruneko txapelketan. Etxeberriak 1500 metro libre, 400 metro estilo eta 400 metro libre probetan hartu zuen parte. Aurretik zituen denborak jaistea lortu zuen eta, gainera, udan Espainiako txapelketarako gutxiengoak lortu zituen 1500 eta 400 metro libreetan. \ \ Azpeitian, berriz, sei azpeitiar igerilarik hartu zuten parte Gipuzkoako Taldeen Kopan. Absolutuen txapelketak dira hauek eta esan beharra dago, Izarraitz Igeri Elkartearekin aritzen den igerilari zaharrenak 16 urte dituela.\ \ Oihana Goenagak ez zuen aste bukaerako txapelketa denboraldiko lehen proba. Erraz nagusitu zen jokatu zituen hiru probetan; 50, 100 eta 200 metro librean. Beti bezala, ez zuen hutsik egin eta oso sasoi onean dagoela erakutsi zuen.\ \ Ainitze Odriozola, Imanol Odriozola, Eva Astigarraga, Aiora Beristain eta Maialen Aizpuruk denboraldiko lehen proba zuten Azpeitian jokatu zen txapelketa. Hala ere, oso emaitza onak izan zituzten denek. \ \ Kontuan hartu behar dugu, Izarraitz Igeri Elkarteko entrenatzaileak otsailean jokatzen diren Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako neguko txapelketetara begira ari direla prestakuntza lanetan. Imanol, Eva, Aiora eta Maialen aurtengo denboraldian pasa dira alebinetatik infantilera eta maila horretan lehia gogorragoak izaten dira.\ \ Bestalde, larunbatean Izarraitz Igeri Elkarteko gaztetxoek Eibarko Ipurua Igerilekuan dute hitzordua, Gabon Kopa jokatuko da-eta. Izarraitz Igeri Elkarteko harrobia zaindu eta animatu egin behar dugu, egunen batean absolutu talde handi eta on bat izan dezagun. \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide