Pasa den larunbatean, Izarraitz Igeri Elkarteko benjamin eta alebin mailako igerilariek Gabon Kopa jokatu zuten Eibarren. Denboraldiko bigarren zita ofiziala zuten Eibarkoa eta, aldi berean, 2012ko azkena izan zen. \
\
14:30ean zuten hitzordua 47 igerilariek Azpeitiko Igerileku aurrean. Horietatik 32k hartu zuten autobusa. Igeriketa kirol indibiduala izanik, autobusean sortzen den adiskidetasun eta talde espiritu horri balio handia ematen diogu Izarraitz Igeri Elkartean.\
\
Beroketak egin eta 16:30ean eman zioten hasiera Gabon Kopari 2003-2004 urteetan jaiotako igerilariek, 50 metro bizkar probarekin. Gabon Kopak duen berezitasunetako bat da igerilari bakoitzak ondo menperatzen duen estiloan igeri egiteko aukera ematen duela. Esan bezala, aurrenak izan ziren bizkar estiloko igerilariak, gero bular estilokoak, hirugarrenez krol estilokoak eta azkenean tximeleta estilokoak. Bakarkako probak bukatu ondoren, erreleboak hasi ziren.\
\
Eibarko lehiaketa hori gustukoa dute gure kirolari gaztetxoek dominak ematen dituztelako. Esan behar dugu igerilari erdiek pasa podiumera igotzea lortu zutela eta besteak oso gertu ibili zirela. \
\
Erreleboetan, berriz, alebin mailako neskek zein mutilek bigarren postua lortu zuten eta kopa bana ekarri zuten Azpeitira. Benjaminetan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Sari banaketa egin eta gero, igerilari bakoitzari gozoki poltsa bana eman zioten antolatzaileek. \
19:30ean, dominak lortu zituztenek lepotik zintzilika zituztela eta besteak hurrengo batean izango dutela aukera pentsatuz autobusean giro jatorrean etorri ziren etxera. \
\
Emaitzak:\
http://www.kirolak.net/eu/competiciones.asp?deporte=natacion\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide