Azpeitiarrak bikain Nazioarteko Eguberri Txapelketan

Joan den zapatuan Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 30. edizioa jokatu zen Donostiako Pako Yoldi kiroldegiko igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko zazpi igerilari. Oso maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen, eta Aschwin Wildeboer eta Melanie Costa igerilari olinpikoak izan ziren garaileak.\ \ Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Pablo Etxeberria, Maialen Aizpuru eta Aiora Beristain arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Ainhoa Goenagak, Jon Aizpuruk, Oihana Goenagak eta Eva Astigarragak, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko. \ \ Oihana Goenagak bi finaletan hartu zuen parte: 50 eta 100 metro librean, hain zuzen. Oihanak, igerileku luzeko 13 urtekoen Euskadiko errekor berria ezarri zituen 50 metro eta 100 metro libre probetan. Horrez gain, absolutuen Espainiako txapelketetarako gutxiengoa eskuratu zuen 50 metro libre proban. \ \ Jon Aizpuruk ere bi finaletan hartu zuen parte: 50 eta 100 metro bular probetan. 14 urteko igerilaria izanik, helduen pare ibiltzen dela erakutsi zuen. \ \ Ainhoa Goenagak 50 metro bizkarreko finala jokatu zuen eta bere maila erakutsi zuen. \ \ Eva Astigarragak 100 metro bularreko finalean irten zuen, eta kontutan hartzen bada aurreko denboraldian alebina izan zela, nabarmena da bide onetik doala. \ \ Orokorrean, Omar Urbietak entrenatzen dituen igerilariek maila onean daudela erakutsi zuten beste behin, eta aukera paregabea izan zuten, gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko. \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide