Saskibaloiak ez du etenik oporretan

Kadete, infantil eta mini mailako neska-mutilek lana izango dute egun hauetan. Bai Gipuzkoako eta baita Euskadiko ligek, atsedena izan ohi dute Gabon egun hauetan, baina jokalari askok ez dute atsedenik hartzen, selekzioek egun hauek aprobetxatzen baitituzte lan egin ahal izateko.\ \ Kadete mailan, adibidez, Euskadiko selekzioa gaur hasi eta hilaren 6a bitartean Zaragozan jokatuko den Espainiako Txapelketan izango da, eta bertan izango dira Iraurgiko lau jokalari: Aitor Astigarraga, Maite Galdos, Eneritz Larrañaga eta Mirari Ugarte. Azken asteetan entrenamendu saio batzuk izan dituzte txapelketa ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko. Klubetik zorterik onena opa diegu.\ \ Kadeteetan gertatzen den moduan, infantil mailako autonomia desberdinek ere Espainiako Txapelketa jokatuko dute aurki. Bertan izango da nesken eta mutilen Euskal selekzioa ere, eta horren harira entrenamendu saio batzuk egin behar izan dituzte jokalariek. Gainera, bihar, ostirala, bitartean ere entrenatzen jarraituko dute. Bertan izan dira Iraurgiko Ana Ugarte, Larraitz Larrañaga eta Aitor Arrieta.\ \ Batzuek Espainiako Txapelketa prestatu behar duten moduan, txikienek Euskadikoa prestatzen hasi dira dagoeneko. Balmasedan, Bizkaian, jokatuko da txapelketa hori urtarrilaren 11 eta 13a bitartean, eta gure miniak Manteo kiroldegian dena prestatzen dabiltza joan den abenduaren 23az geroztik. Hala ere, oraindik izango dituzte entrenamendu saio eta lagun arteko neurketa gehiago txapelketa iritsi artean. Hauek, besteak beste:\ \ - Urtarrilak 4, ostirala: entrenamendua arratsaldeko 15:30etik 17:00ra.\ \ - Urtarrilak 5, zapatua: infantil errendimendu talde batzuen aurkako lagun artekoa.\ \ Entrenamendu saio horietarako ere, Iraurgiko hainbat jokalari deitu dituzten hautatzaileek: Maite Merketegi, Nerea Soraluze, Alaitz Ezama, María Otaegi, Miren Ezama eta Alazne Lizundia neskei dagokienez; eta Xuban Etxeberria, Garikoitz Olazabal, Beñat Garmendia, Asier Garate, Iñaki Bereziartua mutilei dagokienez.\ \ Bien bitartean, aurreko asteburuan, Barakaldo Hiria Nazioarteko Txapelketaren bosgarren edizioa jokatu zen. Bertan izan ziren Espainia, Italia, Serbia eta Euskadiko 18 urtez azpiko nesken selekzioak eta Euskal selekzioarekin izan ziren Iraurgiko bi jokalari: Maite Lizarazu eta Itsaso Astigarraga. Gainera, Jordi Llopisek zuzentzen duen taldeak egundoko txapelketa burutu du. Izan ere, finalerdietan Italia garaitzeko kapaz izan ziren eta kontuan hartuta italiarrak Europako azpitxapeldun izan zirela duela bi urte, ez da marka makala. Egia da finalean Espainiaren aurka ez zutela zer eginik eduki, baina hasieran jarritako helburua behintzat bete dute: Europako selekzio handienekin lehiatzeko moduan dago-eta Euskal selekzioa.\ \ \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide