Imanol Lazkano zubigintzan artista

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2013ko urt. 4a, 19:14

Omenaldi hunkigarria jaso zuen Imanol Lazkanok abenduaren 29an, Ordiziako Majori Kiroldegian eta ikastolan egindako ondorengo afarian. Betekada ederra izan zuen Majori Kiroldegiak, esertoki guztiak beteta ikusten baitziren.\ \ Iñaxio Usarralde eta Irati Arrieta aurkezleek Erniarraizko eta Goierriko Bertso Eskolako lau gazterekin eman zioten jaialdiari hasiera. Gero, hasi zen jaialdia eta, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek saio bikaina egin zuten.\ \ Tartean Ramon Elosegi 'Zaharra' ezizenez ezagutzen den bertsozaleak Imanol Lazkanoren 'Amonaren bertso jarriak' kantatu zituen, denon gozamenerako; hitzaldi laburrak ere izan ziren, Joserra Gartzia, Iñaki Murua eta Amaia Agirre, (Mikel Mendizabalek prestatua irakurri zuen honek ezin zuelako). Imanol Lazkanoren bizitzako hiru atal goraipatu zituzten: komunikazio gaitasuna, bertsolaritzarekiko konpromisoa (EHBE), transmisioan izan duen inplikazioa (Eskolarteko txapelketako epaile). Hitzaldien ondoren, bertsolarien ekarpenak izan ziren bere dohaiak goraipatuz.\ \ Azkenik, bere garaian, plazan berarekin ibilitako bertsolari beteranoak igo ziren agurrak kantatzera: Txomin Garmendia, Patxi Etxeberria eta Jon Lopategi, Jon Azpillaga ere izatekoa zen baina azken orduko ondoezak galarazi zion.\ \ Sariak ere izan zituen, Goierriko Bertso Eskolaren oroigarria, eta Igor Eguren Ordiziako alkateak eman zion euskal makila, eta baita bertso hunkigarri bat bota ere, besteak beste eskolarteko baten baino gehiagotan bere epaile izan zena gogoraraziz.\ \ Bukaeran Lazkano ausartu zen hiru bertso ederretan eskerrak ematen. Horietako batean, bere bertsolari lagunei esan zien, \"dutxatu berri batek ez zeukala hainbeste jaboiren beharrik\". Azken bertsoa amaitzen nahiko lanak izan zituen, emozioak eraginda. Hiru bertsoak osorik jarri dituzte bertsoa.com-en: http://www.bertsoa.com/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=3362 (argazkia ere handik hartu dugu).\ \ Ondoren Ordiziako ikastolan, berrehun bat lagunek afaria egin zuten, eta hauek izan ziren afalondoa goxatu zutenak: Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinen saioa lehenbizi; Gorrotxategi, Anjel Larrañaga, Juan Jose 'Loidi Saletxe' eta Xabier Euzkitze ondoren; Ramon Elosegi 'Zaharraren' beste bertso sorta batzuk, Imanol Lazkanok bat-batean kantatuak zein jarriak; eta azkenik Goierriko bertsolari taldearen jolas-giroko saioa.\ \ Gure bailaratik 40 lagunjoan ziren autobusez Ordizira; Erniarraizko kideak eta Imanol beraren inguruko jendez osatutako taldea, eta jaialdian beren kontura joandako gehiago ere baziren, Imanolek bertsoarengatik egindakoak horrenbeste eta gehiago merezi duen seinale.\ \ Mila zorion, Imanol! Eskerrik asko urte hauetan guztietan emandako gozamenagatik. Nolanahi, urte berrian ere bertsoaren inguruan elkarrekin gozatzen jarraitzeko uste osoz, izan urteberri on!\

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide