Imanol Eliasek egindako hitzaldia Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatzean

Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatu genuenean (2011-12-11) Imanol Eliasek Sanagustinen egindako hitzaldia da hauxe: \ \ Arratsaldeon! \ \ Ez dut uste inola ere honelako merezimendurik egin dudanik. Barnean sentitu izan dudanari jarraitu besterik ez diot egin, nire huskerian egin nezakeena aurrera eramanaz, inoren eskerrik jasotzeko asmorik gabe. \ \ Orain, zerbaitetarako balio izan duela pentsarazten didazue egin dudan lanak eta eskerrak eman nahi dizkizuet bihotzez, baina lan horietako bat gogoratuz. \ \ Gogoratzen dut urte asko igaro badira ere, nolatan deitu zidaten Loiola Irratitik, beste bi azpeitiarrekin batera bertaratzeko, Azpeitiari buruz gai batzuk jorratzeko mahai-inguru batean. Era askotako gaiak erabili genituen eta beraien artean izan zen San Agustin eraikin honi buruzkoa ere. \ \ Ordurako banituen berari buruz datu batzuk jasorik, eta esan nuenean eraikin hau herriarena zela iruditzen zitzaidala, aurrean nituen bi lagunek ia jan ninduten, ez zutenez horrelakorik pentsatzen, edo pentsatu arren ez zutenez aitortu nahi. \ \ Kontua da, halako arantza bat sortu zitzaidala unean nire barnean. \ \ Urteak igaro ziren eta Udal Artxibo Historikoan aurkitzen joan nintzen datuek baieztatzen joan ziren nire iritzia. Gertatzen zena zen, betidanik elizarena bezala ezagutu genuela, baina bera eraikitzea 1581. urtean erabaki zen unetik gure egunera bitarteko historiak beste zerbait adierazten zuela. \ \ Azpeitiko Udalak pentsatu zuenean eraikin honen jabetzari buruz epaiketa bat martxan jartzea, saiatu nintzen agiri zaharrak aztertzen, datu gehiago biltzen, guztiak ordena baten jartzen, geroago eta garbiago ikusten nuela herriarena zela, eta ia bazterturik zen eraikin handi honetan izan zezakeela herriak toki egoki bat kultura alderdiari eskaintzeko. \ \ Azpeitiko Artxibo Historikoan ez ezik, Oñatiko Protokoloetan aurkitu nituen datu haiek eman zuten azkenik emaitza ezin hobea eta 1994. urtean berreskuratu zuen herriak, laurehun urte pasatxoan inoiz galdu ez zuen jabetza. \ \ Urteetan nire barnean sentitu izan nuen arantza kanporatu nuen eta ametsa berriz bideratua. Udala defenditu zuen legegizonak adierazi zidanean nik aurkitutako datuak izan zirela oinarri bereziak horretarako, pozak gainditu nituen. \ \ Guztia osatzeko gelditzen zena zen, eraikin hau martxan jartzea kulturari eskainiz, eta hori ere lortu da azkenik. Eta herritarrok izan zarete azken urratsak eman dituzuenak. Iritzi ezberdineko herritarrak, bat eginik helburua lortzen ahalegindu zaretenak, garbi geldituz elkarturik izan dezakegun indarra. Bejondeizuela! \ \ Nire ametsa beterik ikusteak pozten nau benetan, baina inork pentsa ez dezan bestelakorik, egia aurkitzea besterik ez dudala egin esan behar dut. Egia, eraikin honen jabetza nork izan zitekeen jakiteko. \ \ Lan horrek eta gainontzeko guztiak merezi izan badu, eskaintzen didazuen esker ona, zorioneko sentitzen naizela aitortu behar dut. \ \ Urte pila bat bizkarrean dudala iristen zait Kultur Mahaiaren saria, kili-kolo dudanean osasuna, baina aurrera begira ere lanean jarraitzeko prest nauzue ahal dudan bitartean, baldin behintzat nire beharrik baduzue. \ \ Mila esker. \ \ Imanol Elias Odriozola (2011-12-11)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide