Eneritz Artetxe azkoitiarra, Josu Oiartzabal 'Xenpelar' azpeitiarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra izango dira kantuan bertsolari gazteen Osinalde sariketako aurtengo edizioan. Berez bakoitza kanporaketa banatan parte hartzekoa bazen ere, larunbat honetako saioan kantatu behar zuenetako batek huts egin duela-eta, 'Xenpelar' eta Zinkunegi elkarrekin arituko dira.\
\
Larunbat honetan, martxoak 9, abiatuko da aurtengo Osinalde sariketa. Bertan arituko dira kantari Josu Oiartzabal 'Xenpelar' eta Nekane Zinkunegi Erniarraizko kideak. Ordiziako Argi-Berri elkartean lehiatuko dira beste lau bertsolari gazterekin batera, 20:30eko afariaren ondoren abiatuko den bertso saioan. Zinkunegi berez hurrengo larunbateko saioan zen kantatzekoa, martxoaren 16an Zaldibiako Osin Berde elkartean, alegia. Baina, larunbat honetan kantatzekoak zirenetako bertsolari batek ezin izan duela-eta, azken unean Ordizian aritzeko proposamena onartu du errezildarrak. Eneritz Artetxe, berriz, martxoaren 23an Aztiri elkartean lehiatuko da beste bost bertsolarirekin batera.\
\
Kanporaketa bakoitzetik bi lagunek lortuko dute apirilaren 6an Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den finalerako txartela. Zinkunegik hirugarren aldia du sariketan parte hartzen duena eta aurreko bietan heldu da finalera. Xenpelarren kasuan, bigarren aldiz hartuko du parte Osinalden eta aurrekoan sartu zen finalera Zinkunegirekin batera. Artetxek aurten kantatuko du lehen aldiz sariketa honetan. Ea ba hirurak finalean abesten entzuteko moduan garen.\
\
Animo eta zorte on hirurei!\
\
Osinalderen inguruko informazio osoa: http://www.bertsoa.com/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=3478
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide