Inazio Mari Zubizarreta Uranga \'Errementari\' hil da. Ez zen plazaz plaza bertsotan ibilitakoa, baina bai askotan santa-eskean, Loiola inguru horietan batez ere.
\
\
Behin, goizeko lauretan, ohetik atera omen zuten neska gazte bat, eta esnatu ezinik burua igurtzika ari omen zen.
\
\
Ezkontza garesti dagoela ta
\
ez egin buruan hazka,
\
erregalu bat egingo dizut:
\
semearentzat sehaska.
\
\
1955ean, uztailaren amaieran, gaueko hamarretan, Loiolako etxea suak hartu zuen. Ez zen lehenengo aldia. Inazio Mari Zubizarreta bertan izan zen, eta hamar bertsoko sorta jarri zuen. Hona laugarren alea:a
\
\
4) Lehenengo deia bailarakoai
\
hainbat gizon ta mutili
\
neroni ere ez naiz ahaztuko
\
nolatan nitzan ibili
\
ikusirik zer negar zetorkien
\
hainbat jesuita umili
\
beharra bazan arrisku hartan
\
bertan erre edo kixkali
\
beste asmorik ez zan orduan
\
"sua lehenbailehen itzali".
\
\
Bere aita ere bertsolaria omen zen. Bixente zuen izena. Bost bertsolari aipatzen diren bertso famatu batean bere aipamena egiten da.
\
\
Bost bertsolari juntatu gera,
\
aitona zahar eta gazte,
\
bi Joxe Mari ta Tiburtzio,
\
Bautista eta Bixente.
\
San Inazio, seme hauekin
\
ea egiten dezun parte,
\
agur, ba, ondo-ondo bizi ta
\
adios, beste bat arte.
\
\
Beste lau bertsolari horietatik bat Tiburtzio \'Agerre\' zen, Joxe Mari bietako bat Iturbidekoa, Bautistak Azautzakoa izan behar zuen, eta beste Joxe Mari hori, berriz, Egibar baserrikoa, Joxe Mari Bastida alkate izandakoaren attitte zena. Loiola inguruko bertsolari ugaritasunaren seinale garbia.
\
\
Koplari aritzeaz gain, memoria handiko gizona zen Inazio Mari \'Errementari\'. Bertso asko zituen buruan gordeta, bere bertsozaletasunaren erakusgarri. Garai bateko memoriaren beste gordailu bat joan zaigu.
\
\
Goian bego Inazio Mari \'Errementari\'.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide