Gabiriko taldea irabazle Bertso Desafio umoretsuan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2013ko eka. 19a, 09:47

Pasa den ostiralean Aizpurutxo bertso sariketaren hirugarren edizioa jokatu zen Aizpurutxoko Itziar jatetxean. Lehenengo aldiz, taldekako txapelketa antolatu da aurten, hain zuzen ere herriarteko txapelketa. Hiru talde izan ziren nor baino nor, Azkoitia, Gabiria eta Zumarraga-Urretxu, eta talde bakoitzean hiru bertsolarik kantatu zuten. Azkoitiko taldea Eneritz Artetxe, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristainek osatu zuten, Gabiriko taldea Aitzol Iturbe, Mikel Asurabarrena eta Aratz Igartzabal \"Potto\"-k eta Zumarraga-Urretxuko taldea, azken orduko aldaketa batzuk tarteko, Mikel Iturriotz, Beñat Torres eta Antton Fernandezek. Epaile lanetan herri bakoitzeko ordezkari bana aritu ziren.\ \ Itziar jatetxeko jangelak itxura ederra hartu zuen, bertsozalez lepo, eta Galdos eta Etxaniz soinujoleen laguntzaz giro ederra sortu zen. Saioari berari dagokionez, maila politekoa izan zen, eta bertsolari guztiek ekaini zuten ale ederrik saioaren joanean. Puntuaketa oso estua izan zen eta azkenean Gabiriko taldea izan zen nagusi. Bertsozaleen esanetan, Gabiriko hirukotea izan zen erregularrena lan guztietan, eta azkenean eurentzat izan zen garaipena. Azkoitiko taldea bigarren izan zen eta Zumarraga-Urretxu hirugarren. Bestetik, Mikel Iturriotz izan zen epaileen ustez bertsolaririk onena eta bertsoaldi onenari dagokionez, Eneritz Artetxek bakarka egindako bertsoaldia nabarmendu zuten epaileek. Saioaren amaieran, Galdos eta Etxanizen trikiti doinuek alaitu zuten egonaldia.\ \ Behin Aizpurutxo sariketa igarota, oraindik urrun xamar dauden arren abuztu bukaeran ospatuko diren San Agustin jaietara begira jarrita daude ingurukoen begi guztiak. Bertan, bertsoaz gozatzeko aukerarik ez da faltako, San Agustin eguneko ohiko afarian Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin izango baitira kantuan azken urteotan bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide