Izarraitzen kanpaldia egiteko eskaera egin beharko da aurrerantzean

Uztarria.eus 2013ko uzt. 9a, 12:46

Aurrerantzean Izarraitzen kanpaldia egiteko aurrez eskaera egin beharko da. Erabakia Azpeitiko Udalak, Xoxoteko aterpetxeak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak hartu dute, iaz hasi baitziren kanpaldiak arautzeko lanketa egiten, Xoxote inguruan izandako gertaeraren ostean. Izatez, Izarraitz eremuan debekatuta dago kanpaldi librea egitea, eta salbuespen gisa, gune batzuetan, kanpatzea onartu dute.

Modu horretan, Aste Santuan eta uda sasoian (uztaila, abuztua eta iraila) soilik kanpatu daiteke Izarraitzen. Gainera, Xoxoteko aterpetik gertu dagoen eremuan kanpatzea eta seinalea jartzea beharrezkoa da. Kanpaldia gehienez hiru egunekoa izango da, eta gehienez 30 lagunek hartuko dute parte.

Eskaerak Azpeitiko udaletxean eta udaltzaingoan egin behar dira. Bertan eskuragarri izango dira eskaera orriak, eta arauak betetzeko konpromisoa hartzen duela azalduz, norbaitek agiria sinatu beharko du, eta bera egingo da kanpaldiaren arduradun.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "neurri hauek hartzera behartuta geunden, azken aldian Xoxoten izandako gertaerak ikusita. Azkena joan den asteburuan izan zen. Izan ere, zazpi zuhaitz labanaz zuritu dituzte (argazkian). Gogor salatu nahi dugu gertaera, eta errespetu neurriak betetzeko luzatzen diegu herritarrei".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide