Azpeitiarrak bi egun eta hiru etapako txirrindularitza proban

Aurreko asteburuan bi egun eta hiru etapako Mendiko Kriterium proba jokatu zen Oñati eta Lierni (Mutiloa) herrietan. Kilometro gutxi, baina mendate askoko etapaz osatutako lasterketa gogorrak izan ziren. Hori dela-eta, oso txirrindulari gutxik bukatu ahal izan zituen hiru lasterketak.\ \ Oñatin izan zen lehena, larunbatean, eta bertan Udana, Atagoiti, Gabiria, Atagoiti eta berriro Udanako mendatetik barrena helmugaratu behar izan zuten txirrindulariek. Bikote batek taldetxo bati aurre hartuz erabaki zen lasterketa, eta Xabier Jauregi (Caja Rural) izan zen azkarrena. Taldetxo horretan zihoan Josu Garate azkoitiarra, baina Udanan behera erori zen, eta ezin izan zuen postu ona lortu sailkapenean. Hala ere, 19. helmugaratu zen Atracciones Sanzekoa.\ \ Igandean Liernin bi sektore zituzten aurretik; bata 55 kilometrokolerroko lasterketa (Lierni, Ergoene, Lierni, Zerain eta Lierni igoz) eta bigarrena, berriz, lasterketa amaitutakoen arteko kronoigoera Liernira Seguratik abiatuta. Bi probetan nagusitasuna erakutsi zuen Espainiako Txapelketa irabazi berri duen Alex Aranburuk (Caja Rural) eta, modu horretan, Mendiko Kriteriumaren sailkapen orokorra ere bereganatu egin zuen Ezkio-Itsasokoak. Azken bi etapa horietan lehen azpeitiarra, berriz, Andoni Gurrutxaga izan zen, hurrenez hurren, 12. eta 18. postuetan helmugaratuta.\ \ Larunbat honetan, berriz, 11:30etan abiatuko da Beasainen junior mailako Munduko Txapelketaren aurreko proba eta ohikoak diren talde euskaldunez gain (tartean, Lagun Onak-Atracciones Sanz) Espainiako talde onenak izango dira. \ \ Florentziako munduko txapelketa prestatzeko egituratutako lasterketak 120 kilometroko luzera izango du, eta lau portu igaro beharko dituzte txirrindulariek: Lierni, Atagoiti, Lierni eta Olaberria. Handik bederatzi kilometrotara izango dute helmuga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide