\'Kurku\' askatu! Euskal preso eta iheslariak etxera!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2013ko urr. 2a, 13:22

Lehenik eta behin, besarkadarik beroena Eneko Ibargureni eta bere etxeko zein lagunei. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu astelehenean atxiloturiko gure herritarra den Enekori eta beste 17 euskal herritarrei. Era berean, Herrira-ren baitan euskal presoen eskubideen defentsan atxilotuek garatu duten lana txalotu nahi dugu. \ \ Erabat larria da aste honetan Espainiar estatuak abian jarririko operazio poliziala. Operazio polizial hau eta Euskal Herrian irekiriko aro politikoa estuki lotuak doaz. Bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko aroa bizi dugu. \ \ Egoera hau irekitzeko ugariak eta ezinbestekoak izan dira bai ezker abertzaleak zein beste hainbat eragilek emaniko urratsak zein abian jarririko ekimenak. Euskal Herrian bakea, justizia eta demokrazia nahi dugunok harturiko konpromisoek ahalbidetu dute aro hau irekitzea. \ \ PP eta PSOE ordea Euskal Herrian irekitako aro eta bakerako aukera saboteatzen ari dira. Zapateroren gobernuarekin hasi eta Rajoy-ren gobernuak eginiko azken operazio honetaraino, bakearen etsai gisa aritu dira bi alderdi espainiar hauek eta beraien euskal sukurtsalak. \ \ Jarrera erabat salagarria da PSOE eta PPrena eta garatzen duten estrategiaren baitan kokatzen da astelehenean Herrira-ren aurka buruturiko polizi operazioa. \ \ Jauzi kualitatiboa eman du Espainiar estatuak operazio honekin, konponbide prozesuari eta Euskal Herrian hain hedatua den euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriari eraso zuzena egin dio. \ Bakearen etsaiek eginiko erasoaren tamainako erantzuna eman behar da. Erantzun irmo zein herritarra eman behar zaio. PPren sabotaje politikoaren aurrean, planto demokratikoa egin behar dugu, instituzioetatik hasita kaleraino, herriz herri. Ozen esan behar diegu: Aski da, ez dugu errepresio gehiagorik onartuko. \ \ Euskal instituzio batzuetako agintariek emaniko erantzuna oso bestelakoa izan da ordea: Nafar gobernuak operazio poliziala txalotu duen bitartean, EAEko gobernuak ahots txikiarekin operazioa salatu du, baina praktikan, Guardia Zibilaren biolentziari Ertzaintzaren biolentzia gehitu dio. Horren adibide Ertzaintzak astelehenean eginiko kargetan hainbat herritar zauritu izana, tartean Amalur Mendizabal senataria. \ \ Sortuk ezinbestekoa eta urgentziazkoa deritzo Ertzaintzak polizia politiko izateari uztea eta desarme errepresiboa burutzea. Behingoz Ertzaintza Estatuaren gerra estrategiaren tresna izateari utz diezaiola. \ \ Euskal Herriko instituzioetako agintariek neurriak hartu behar dituzte aste honetakoaren moduko operazioak saihestu eta herritarren eskubideak bermatzeko. Bere herritarren eskubideak defendatzen ez dituen Lehendakariak ez du Lehendakari izatea merezi. \ \ Azkenik, herritarrei deia luzatu nahi diegu: presoen eskubideen aldeko aldarria kaletik atera eta zigortu nahi duten honetan, aldarri hori lau haizetara zabaltzeko. Atera gaitezen kalera eta zabal dezagun "Euskal preso eta iheslariak etxera!" leloa bazter guztietara. Eta bide horretan, ezinbesteko hitzorduak ostiralean herrian egingo diren deialdi guztiak nahiz larunbatean Bilbon ditugunak. \

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide