Aurrekontuen partaidetza tailerra izan zen atzo

Uztarria.eus 2013ko urr. 11a, 12:10

Foru Aldundiak 2014ko aurrekontuaren 500.000 euro, herritarren partaidetzaren esku utzi ditu. Hori dela-eta, atzo, osteguna, partaidetzazko tailerra izan zen Sanagustin kulturgunean, eta herritarrek informazio gehiago jaso eta proposamenen gainean eztabaidatzeko aukera izan zuten bertan (argazkian). Urola Erdian jarri dute abian prozesua aurrenekoz, esperientzia pilotu gisa. Azpeiti, Azkoiti, Zestoa, Errezil eta Beizamako bizilagunek diru hori inbertitzeko proiektuak proposatzeko aukera dute.  Proposamenak helarazteko bi bide dituzte eskura herritarrek: bata, etxean jaso duten fitxa bete eta, Azpeitiaren kasuan, udaletxeko, liburutegiko edo igerilekuko postontzietan utziz; bestea, Internet bidez, www.aurrekontuakhobetzen.net webgunea erabilita. Hilaren 17a bitartean egin ahal izango dira proposamenak, eta jasotako proposamenen artean hautatuko du gero Gipuzkoako Foru Aldundiak zer proiektu gauzatu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide