Gaur goizean Madrilgo Audientzia Nazionalean Olatz Izagirre eta beste 39 gazteren aurka hasi den epaiketa onartezina da ikuspegi demokratiko batetik.
\
\
Duela 4 urte atxilotu, zenbait kasutan torturatu eta orain epaituak izango diren 40 gazte hauen delitu bakarra Gazte Mugimenduan lan egin izana da, lan politikoa egin izana alegia. Urte guzti hauetan beraien oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratuak izan dira eta orain 6 urtetako espetxeratze arriskuan aurkitzen dira denak ala denak.
\
\
Asteazkenean berriz Batasunako kide eta Herriko Tabernen ordezkariei tokatuko zaie txanda. Beste 36 herritar eta 110 elkarteren ordezkariak joan beharko dutelarik Audientzia Nazionalera. Orkatz K.E.-ren ordezkariek ere han egon beharko dute itxiera prozedura auzitan egongo den epaiketaren hasieran.
\
\
Badira urte batzuk Estatuak "dena da ETA" teoria makiabelikoa martxan jarri zuenetik eta gehiago izan dira azken urteetan bere ondorioak pairatu behar izan dituzten euskal herritarrak. Inoiz lekurik izan behar ez zuten gertaera hauek ordea, are ta zentzugabeago bihurtzen dira Euskal Herrian ireki den aro politiko berrian. Atzerapauso nabarmenak dira konponbide eszenatoki berrien eraikuntzan eta Estatuen ankerkeria uzten dute berriz ere agerian.
\
\
Hilabete luzez luza daitezken epaiketa politiko hauen aurrean Euskal Herriak aski da esateko garaia heldu da ordea. Azpeitian bertan gertuko bi adibide ditugun arren, 200 pertsona baino gehiago daude Euskal Herrian mota honetako epaiketa zai. Horrelako eskubide urraketek ez dute lekurik gure artean eta elkartasunetik konpromisora urrats bat emateko garaia iritsi da. Aurrez Donostin ta Ondarrun egin moduan, atzo bertan Iruñeako kaleetan ikusitako elkartasuna eta auziperatuei eskeinitako babesa izan behar dira gure itsasargia. Honela soilik lortuko dugu zentzugabekeria hauei amaiera eman eta pertsona guztien eskubide zibil ta politikoak errespetatuak izatea.
\
\
Horretarako tresna izaten lagundu nahi du Libre ekimenak. Elkartasunetik konpromisorako urratsa emateko zubia. Ostegunean Urriak 17, arratsaldeko 19:30tan, epaiketa hauen hasiera salatzeko burutuko dugun Manifestazioan izango da horretarako aukera. Epaiketa politikorik ez!Olatz eta Orkatz libre!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide