Urolako CNTk ez ohiko asanbladan aho batez erabaki du Elkar-Ekinek azaroaren 9rako antolatutako manifestazioa bultzatzea eta gure atxikipen osoa adieraztea. Azpeitiko herritarrak garen heinean, erantzun bateratu eta sendoa ematea ezinbestekotzat jotzen dugu, areagotzen ari diren pobrezia egoerak eta herritarrok jasaten ditugun murrizketei irmo erantzuteko. Era berean ulertzen dugu, eragile naiz pentsamolde ezberdinetako jendea biltzea ezinbestekoa dela jasaten ari garen erasoei erantzun eta alternatiba sozioekonomiko berriak bultzatzeko.\
\
Herrian jazotzen ari diren kaleratzeak, langabeziaren gorakada, lan baldintzen prekarietatea, soldaten murrizketak eta ondorioz ahalmen ekonomikoaren etengabeko beherakada, nahiko arrazoi dira herria kalera atera eta gure eskubideen defentsan konprometitzeko. \
\
Anarko-sindikalistak garen partetik, ziurtasun osoa daukagu krisiaren erantzulea sistema kapitalista bera dela eta urteetan bultzaturiko ideia neoliberalak. Egoera ekonomikoa aitzakiatzat hartuz ongizate egoera apurtzen dihardute, arazoa eragin dutenen mesedetan eta herritarrok errudun bilakatuz. Honen ondorioz garbi daukagu, urteetan espekulazioa erabiliz eta inongo etikarik gabe dirua pilatu dutenak direla erantzuleak.\
\
Honenbestez plangintza ekonomiko justuago, ekologikoago eta parte hartzaileago bat bultzatu nahi dugu baita funtzionamendu produktiboaren aldaketa ere. Gure baliabideen autogestio solidarioaren ideia indartuz, aberastasunen banaketa justua bultzatuz eta pertsonen duintasuna urratzen duten edozein giza esplotazio ezabatuz bakarrik, lortuko dugu bizi dugun egoera gainditu eta ez errepikatzea.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide