Gure Esku Dago mugimenduak, larunbatean, Durangon, aurkeztu zuen datorren urteko ekainaren 8an, Euskal Herria zeharkatuko duen Giza Katea. Eta nola ez, bertan parte hartzeko deia egin zuen. \
\
123 kilometro. Iruñeatik Durangora. Milaka herritar. Eskuak eskuekin. Euskaldunok herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea badugula eta egikaritu behar dugunaren aldarria. Hori da, finean, datorren ekainaren 8rako dugun erronka. \
\
Giza katea jarrera positiboan oinarritzen da, norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimendua azaltzea: erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua, alegia.\
\
Eta azpeitiarrok ere kate horren osagaiak izan behar dugu. Gutxienez, 800 azpeitiarrek eskuz-esku Euskal Herriko bi hiri lotuz, gure ekarpena egiteko apustua ez da nolanahiko apustua. Beraz, lanean jarraitu beharra dugu. Zabalak eta anitzak diren eskuak, ideologiak, elkarri lotuz, elkar osatuz. \
\
Dagoneneko, giza kateko metroak erosteko aukera zabalik dago Interneten, (http://gizakatea.gureeskudago.net) orrialdean. Hala ere, herrian ere hainbat puntu jarriko da datozen hilabeteetan izen-ematea egiteko. Era berean, herri mailako ekimenak ere iraunkorrak izango dira ekainak 8a bitartean.\
\
Beraz, herri honek, gu guztiok, gurea den eskubidearen egikaritzea gauzatzeko aldarria egiteko molde guzti horiek lantzeko lanean jarraitu behar du. Horretarako, ezinbestean, esku ugari behar dira. Beraz, zuk ere esku bat botatzeko ilusioa bazenu, bihar baduzu aukera bat. Bihar bilduko baikara, 20:30ean, Baigeran.\
\
Gure esku dagoelako, Azpeitiarron esku ere badagoelako!
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide