Gaur, azaroak 25, Indarkeria Sexistaren Aurkako Eguna dugu. Indarkeria eta eraso sexistak zoritxarrez ez dira gertaera isolatuak bizi garen sistema heteropatriarkal honetan. Gure ordena sozialaren adierazpiderik larrienak dira. Erailketak, jipoiak eta eraso sexualak adierazpiderik larrienak eta agerikoenak izan arren, intentsitate txikiagoko erasoak ere eguneroko ogia ditugu.
\
\
Indarkeria sexista gainditzeko ez da nahikoa erantzun polizial edo judiziala: ordena soziala irauli behar da. Ordena berri horren oinarri balore feministak izango direlarik. Emakumeen zapalkuntza sistema agerian jarri eta berdintasunean oinarritutako sistema berri bat sortu behar dugu.
\
\
Ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea bakardade sentimendu eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko. Autodefentsa feministak indarkeriari aurre egiteko oinarria behar luke izan.
\
\
Erakunde publikoek ere ardura zuzena dute egoera larri hau gainditzeko; arazo honi erantzuteko plan integralak diseinatu behar dituzte. Beti ere, prebentzio politiketan oinarrituta. Hezkuntzan, osasunean eta justizian, hedabideetan, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako kultura hedatu, indarkeria ekidin eta biktimak babestu eta zaintzeko protokolo egokiak jartzea ezinbestekoa da.
\
\
Finean, balio justuagoetan oinarritutako gizartea eraikitzea ezinbestekoa da. Emakumeen protagonismoa eta boteretzea lortu behar da.
\
\
Horregatik guztiagatik, gaur azaroaren 25a, indarkeria sexistaren aurkako eguna, sistema heteropatriarkalaren iraultzea exijitzeko eguna da. Emakumeen protagonismoa aldarrikatzeko eguna da. Hala, gaur arratsaldeko 19,30etan, herriko plazan, Azpeitiko Bilgune Feministak deituta \'Beldurrak gurekin jai, ekin autodefentsa feministari\' lelopean egingo den kontzentraziora joateko deia egiten diegu herritar guztiei.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide