Pasa den urriaren 28an Sevilla II espetxeko 11 euskal preso politiko gose greba mugagabean hasi ziren. Bizi duten egoerak behartuta bertan aurkitzen diren euskal presoak borrokaldian ari dira, tartean gure herritarra den Jabi Agirre aurkitzen da. 30 egun daramatzate baraualdian eta itxialdian. Azpeitiko EH Bildu oso kezkatuta dago euskal preso politikoen egoerarekin eta bereziki, egunotan, Sevilla II espetxeko presoen egoerak larritzen gaitu. Kilo asko galdu dituzte, oso ahul aurkitzen dira, berogailurik gabe izugarrizko hotzak ari dira pasatzen… Muturreko egoera horretara iritsi badira ere, espetxeko zuzendaritza ez da harremanetan jarri ez presoekin ezta abokatuekin ere. Azpeitiko EH Bilduk Sevilla II espetxeko zuzendaritzari eta Espainiako Espetxe Erakundeei dei egiten dio muturreko bizi baldintzekin amaitzeko.
\
\
Oinarrizko eskubideen urraketa etengabea da espetxeetan. Sevilla II espetxean jasaten ari diren eskubide urraketen zerrenda luzea da, isolamendu ziegan ordu kopuru luzeak egonaraziz, ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten, miaketak etengabeak dira, jipoiak, ukimenezko gorputz miaketak. Tentsio une handiak bizi dituzte egunero. Egoera honen aurrean, Espainiako Gobernua ezartzen ari den espetxe politika salatu nahi dugu inoiz baino ozenago. Onartezina da horrelako bizi-baldintzetan mantentzea euskal preso politikoak.
\
\
Bildu ditzagun euskal preso politikoen eskubideen aldeko indarrak, horrela bakarrik lortuko baitugu beraien zein senide eta lagunen eskubideak errespetatzea. Konponbiderako garaia da eta lanean jarraituko dugu euskal preso eta iheslariei beraien eskubideak errespetatu eta guztiak etxeratu arte.
\
\
Bukatzeko, besarkada eta gure babesa eman nahi diegu Sevilla II espetxean aurkitzen diren euskal preso politikoei eta, bereziki, Jabi Agirre eta bere senide zein lagunei. Eta dei egiten diegu herritar guztiei datorren igandean Donostin egingo den manifestazioan parte hartzera.
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide