26/11 sumarioaren epaiketari hiru fase baino ez zaizkio geratzen eta gazte auzipetuek argi adierazi dute “ez dutela ezer gehiago esateko”. Urtarrilaren 16, 17, 30 eta 31n dira epaiketaren hurrengo faseak, akusazioaren zein defentsaren perituen deklarazioak, bi aldeen ondorioak eta akusatuen azkenengo hitza.\
\
Gaur eginiko agerraldian gazteek aditzera eman dute euren deklarazioetan nabarmen geratu dela “arazoa ez dutela sigla batzuekin, baizik eta gazteria oso batekin”. Horrez gain, epaitegiaren aldetik lortutako “erabaki historikoa” ere azpimarratu dute: “gu, akusatuak, gure torturatzaileek deklaratzen zuten bitartean, salan presente ez egotea. Era honetan epaileek gure torturen onarpen inplizitu edo esplizitua agerian utzi zuten”.\
\
Herriko tabernen auziari dagokionez, ostegun honetan hasi eta martxoaren 19ra arte, polizien deklarazioak izango dira, 24 saiotan. Karmelo Landa auzipetuak argi utzi du, akusatuen aurkako akusazioak “urtu” egin zaizkiela eta horregatik ari direla inputazio “berriak asmatzen”.\
\
Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren auzipetu guztien ondorioa bera da: “epaiketa hauetan arrazoi politiko eta soziala irabazi ditugu. Eta konfidantza osoa dugu: arrazoi juridikoa ere irabaztera goaz”. Horretarako, herritarren laguntza ere ezinbestekoa dela iritzita, herritar guztiei dei egin diete Libre dinamiketan parte hartu eta elkartasunetik konpromisora pasa daitezen.\
\
Iturria:\
http://topatu.info/gazte-auzipetuek-argi-adierazi-dute-arazoa-ez-dute-sigla-batzuekin-baizik-eta-gazteria-oso-batekin/\
\
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide