Konponbideari erasorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko urt. 9a, 16:53

Atzoko operazio politikoaren harira, gaur goizean EHBilduren baitako alderdi guztiek, beste hainbat eragilerekin batera, prentsaurrekoa eskaini dute. Nola ez, atzoko erasoa erabat arbuiatzeko. Era berean mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta biharko. \ \ Azpeitian bihar, ostirala, 19:00etan herriko plazan, egingo da kontzentrazioa. Hori horrela, bertan egoteko deia luzatzen diogu Azpeitiar orori. \ \ Beheko lerroetan, prentsaurrekoan irakurri den testua osotasunean: \ \ "Prentsaurreko honetan gauden antolakundeok erabat arbuiatzen ditugu atzoko operazio politikoaren ondorioz izandako atxiloketak; operazioan Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lanak egiten duten hainbat pertsona eta presoen abokatu gisa dihardutenak eraman zituzten. \ \ Gure ustez, operazioarekin erantzun egin nahi diote duela egun gutxi ezagutu diren Preso Politikoen Kolektiboak egindako debateari eta hartutako erabaki garrantzitsuei. Gainera, atxilotuek parte hartu zuten espetxetik ateratako presoekin Durangon izan zen ekitaldi publikoan. Nabarmena da estatuko gobernuak ez duela bake prozesuan ekarpen positiborik egin nahi; aitzitik, prozesuak aurrera egin dezan galaraztea beste helbururik ez dauka; era berean gertatu zen, adibidez, Bateragune deituriko auziarekin 2009ko urrian –Rubalcaba barne ministroa zelarik– edo, duela gutxi, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazioarekin. Hain zuzen, atxiloketa hauekin gure herrian etsipena zabaltzea lortu nahi du, eta kriminalizatu, batetik presoei ematen zaien laguntza eta bestetik espetxeratuek pairatzen duten eskubideen urraketa salatzea. \ \ Instituzio ororen eginkizuna da jendarteari bere arazoak konpontzen laguntzea. Estatuan ere halaxe izan beharko luke. Horregatik, gure herrian gertatzen ari diren aurrerapauso objektiboak eragozten tematzeko jarrera hori soilik era batean uler daiteke, ahulezia politiko gordinaren adierazpen gisa. Badirudi estatuak eta bere aparatuek erabaki dutela ez daukatela ezer irabazteko elkarrizketa eta Euskal Herriarentzako soluzioen agenda batekin. Horregatik, ezin gara saiatu operazio hauei azalpen arrazionalik bilatzen. Egoera hau ikusirik, bakearekin tematuta gaudenok aukera bakarra dugu, orain arteko moduan oztopo eta zailtasunak gainditzeko lanari eustea alegia. Horixe da gure asmoa eta erantzukizuna. Zehazki, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal preso politikoen eskubideekiko errespetua prozesuak aurrera egin dezan; ezer aurretik justizia kontua da. Horregatik, Herrira-ren aurkako sarekadan egin genuen bezalaxe, berretsi egiten gara eskubide horiek defenditzeko konpromisoan. \ \ Analisi horrekin bat, \ \ - Atxilotuak berehala aska ditzatela exijitzen dugu, eta senide eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu. \ \ - Eta herritarrei dei egiten diegu gaur arratsaldez euskal hiri eta herrietan izango diren bilkuretan parte hartzera, baita bihar eguerdian hiriburuetako udaletxeen aurrean izango direnetan ere. \ \ \ Lokarri · Etxerat · Eskubideak · Gazte Abertzaleak - ELA · LAB · ESK · STEE · EHNE · HIRU · CNT · CGT . Sortu ·EA · Aralar · Alternatiba

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide