Herritarren andanaren txalo eta elkartasun keinu artean atxilotu ditu Ertzaintzak Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou ezkutuan zeuden gazte auzipetuak Gasteizen. Herri Harresiak deitutako kalejira desobedientearen ostean atzeman dituzte, etxebizitza bateko balkoira agertu direnean.\
\
2013ko urrian hasi zen 26/11 auzian inputatutako 40 gazteren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Idoia Iragorri eta Irati Mujikarekin batera, epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten, “salbuespeneko epaitegi horrek ez duelako haiek epaitzeko zilegitasunik” . Ordutik, ezkutuan izan dira, baina hainbat agerraldi publiko egin dituzte, Gasteizko Harresiaren asanbladan edo Durangoko Azokan kasu.\
\
Mujika urtarrilaren 9an atxilotu zuten kalez jantzitako poliziek, eta Madrilen egon beharko da preso bere aurkako epaiketa amaitu bitartean. Epaileak erabaki du aparte epaitzea, ez gainontzeko 36 auzipetuekin batera. Gertaera horren ostean, Pinedo eta Ruizek erabaki dute ekimen desobedienteari amaiera ematea, “helburuak bete direlako eta nekatuta ere badaudelako”. Idoia Iragorrik, aldiz, ezkutuan jarraitzen du.\
\
Informazio gehiago: http://topatu.info/herritarren-babesean-atxilotu-dituzte-goizane-pinedo-eta-unai-ruiz-pou-gazte-auzipetuak/
Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide